Kontsumo gizartean ereiten ditugun arazoetaz hausnartzeko 'Hondamendia' Mendi Zolanen

Antxeta Irratia 2022ko aza. 16a, 00:00

Hendaiako Euskaraldiaren abiatzeko, Zaldibarko hondakindegiaren luizitik hasi eta pandemiak eragindako sarraskiaz gaindi, kontsumo gizartearen ereduari kritika zorrotza taularatuko dute ostiralean. 

Axut eta Artedramak elkarlanean sortutako 'Hondamendia' antzezlana Hendaian ikusteko parada izanen da ostiral honetan, Mendizolan kulturgunean 20:30etan. Euskaraldiaren baitan antolatutako hitzordua izanik, hausnarketarako eta ondoren mintzatzeko aukera emanen du ere. Kontsumo gizartea deitua den ongizatearen gizarteari kritika zorrotza egiten baitio antzezlanak.

'Zaldi Urdina' obrarekin 2020ko biran zirela pandemia gainera etorri zitzaienean bururatu zitzaiela aitortu digu Ximun Fusch zuzendariak. "Zientzia fikziozkoa zirudien egoera hartatik tiraka, gure mundua irauli egin horretan egindako obra da", azaldu digu. 2020ko otsailetik 2022ko otsaila bitartean emandako "hondamendiaren" berri eman nahian Arkaitz Canori obra idaztea galdegin zioten.

Zaldibarko zabortegiaren luiziarekin hasten da istorioa. "Animaliko katastrofea izan zen, bi behargin hil zituen luiziak, eta Ingalaterra, Bordele, Alemaniatik ekarritako kakaz betea zen mendi hori, gure kontsumo gizartearen ongizaterako guk geuk ereiten dugun kaka", dio Fuschek, "eta ondoren pandemia iritsi zen, animaliko sarraskia eragin zuena, eta hor ere gizarte eredu horrek eragindako pandemia, sekulan ez zen izurrite bat hain azkar hedatu". Baina euskal kulturaren erroetara jotzen du obrak gero, 2022ko inauteriak berriz ospatu zirenekoan. "Hor gure zauriak berriz josi eta gure kakak azalerazten ditugu tradizio eta kulturaren bidetik, baina gure etorkizuna edo udaberri berria ereiteko aukera emanez", argitzen du zuzendariak.

Euskaraldiaren baitan antolatutako emanaldia denez, Mendi Zolan kulturgunean bertan txapak jasotzeko aukera emango dute. Sartzeak salgai dira 6 eta 12 eurotan, eta erreserbak egin daitezke www.hendaye-culture.fr webgunean.

(Argazkia: Ainhoa Resano)