Azken bi urteotan frantses poliziak ezarritako Bidasoa ibaiaren gaineko muga zeharkatzeko ahaleginetan hildako 10 migranteen omenez, hainbat sinesmen eta fede erlijiosoei lotutako eragileek deituriko omenaldia antolatu dute igandean (12:00), Irungo Santiago zubi aldameneko skateparkearen ondoan dagoen oroigarrian.
Musulman zein kristau fedeko eragile desberdinek bat eginik, migrante horiei azken agurra eman nahi izan diete, "Heriotzen Kontra eta Eskubideen Alde" lelopean. Migranteak eta euren eskubideak erdigunean jartzen duten ekintza guztiak ongi etorriak direla dio Irungo Harrera Sareak, eta beraz ekimenarekin bat egiten du. Bertako bolondresa den Oihana Galardik azaldu digunez, Harrera Sarea harremanetan izan da Irungo musulman komunitatearekin urteotan, adibidez, hildako migranteren baten aberriratzeko edota Burgoseko hilerri musulmanean hilobiratu ahal izateko diru bilketa kanpainak antolatzen, besteak beste.
Kasu honetan, aldiz, Euskal Herri mailako erakundeek deitu dute omenaldia. Caritas Gipuzkoa, Korapilatuz elkarteak, Gipuzkoako Eskubidedun Migratzaileak elkarteak, Euskal Herriko Islamiar Federakundeak, Fivasco, Confer, Donostiako Kultura Zentroak edota Errenteria eta Donostiako mezkitak daude deitzaileen artean. Antolatzaileek iragarri dutenez, ekimen sinboliko honetan zenbait irakurketa egingo dituzte "dibertsitate erlijiosoa eta kulturala aintzat hartuta, bizimodu hobeago baten bila zihoazen hildako pertsonen omenez".
Fedearen ikuspegitik antolatutako ekimena bada ere, aurreneko aldia da erlijio edota sinesmenetik ekintza publiko edo mezu politikoa plazaratzen dutela migratzaileen eskubideen alde. Galardik nabarmentzen duenez, "sinesmen erlijiosoa oinarrizko eskubide bat da ere, eta denok dugu eskubidea hildakoei azken agurra emateko". Eta kasu honetan, fede desberdinetako eragileek migratzaileen eskubideak aldarrikatzeko indarrak batu izana pozgarria delakoan dago.