Azaroaren 11az geroztik udala, ISS enpresa, langile eta Lan Delegaritzak antolatzen duten hirugarren bilera da biharkoa. Eta "prudentzia printzipioarekin" lanean ari direla, baina akordioa hurbil egon daitekeela iragarri du ELA sindikatuak.
Urriaren 28an Hondarribiko Udalak garbitzaileen lan gatazkan aurreneko aldiz eskuhartu zuenean, ISS enpresak honek egindako proposamen ekonomikoarekin bat egin, eta bazirudien akordioa bideratzera zihoala. Baina egunak joan egunak etorri, eta hiruzpalau negoziaketa bilera gehiagoren ondotik korapiloa ez da oraindik askatu. Haatik, gaur 183. greba eguna dutela, Hondarribiko udal bulego eta eskoletako garbitzaileak baikorrak izateko arrazoiak dituzte. Izan ere, ISS enpresak (aurretik udalaren proposamena birnegoziatzen saiatu bada ere) hitzarmen proposamenaren zenbait klausulari "ezezko borobila" eman eta gero, azken bi bilkuretan grebalarien eskaerei erantzuteko prestutasun handiagoa erakutsi du.
ELA sindikatuko Xabier Etxanizek goiz honetan azaldu duenez, "joan den ostiraleko hiru orduko bilkurak ez hotz ez bero utzi gintuen, bazirudien ez zihoala inora, baina atzo egin genuen bileran Intxaurrondoko Lan Delegaritzaren egoitzan, badirudi akordiorako beste bi arroin jarri ditugula, baina kautelaz eta prudentzia printzipioarekin ari gara sukaldeko lana egiten, hainbat atsekabe izan ditugulako hilabeteotan". Aurrerapauso garrantzitsuak eman direla dirudi beraz, eta azaroak 17 honetan (15:00etan) hitzartu dira berriz ere lau parteak (udala, langileak, ISS enpresa eta Lan Delegaritzako ordezkaria), lan gatazkari amaiera emateko itxaropenez.
Halere, sei hilabete luzeko greban negoziaketetan eman izan diren gorabeherak ikusita, ELAko ordezkaria ez da fido. "Hitzarmen berria sinatuko bada, argituko ditugu baldintza zehatzak, baina momentuz hobe da negoziaketa modu diskretuan eramatea, ikusi izan baitugu enpresak hiru urrats aurrera eta lau atzera ematen hainbat alditan", ohartarazi du.
Dena dela, akordiorik ez balego, eta "negoziaketa lehertuko" balitz borrokan jarraitzeko kemena dute grebalariek. "Puntu honetaraino borrokak ekarri digun bezala, ez daramatzagu lan baldintza duinak borrokatzen hainbeste hilabete hondartzaren ertzean itotzeko", dio Etxanizek, "eta lanean jarraituko dugu sektorearentzako eredugarri izango den lan hitzarmen bat lortu arte".
Bestalde, azaroaren 16, 17 eta 18an Hondartza Kiroldegiko langileek deitua zuten greba deskonbokatu egin zuten atzo bertan. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, PRECOn izandako aurreneko harremanetan, eta aurkeztutako baldintzak ontzat eman dituzte langileek, eta beraz, kasu honetan "lan gatazka azkar konpondu" dute.