Baztango alkateek zigor administratibo eta penalei buruzko jakinarazpena jaso ondotik, bertan behera utzi dute azaroaren 20ko Erdizko harrobiari buruzko bozketa. Horren ordez, batzarrak eta elkarretaratzea antolatu dute bizi duten bizigabekeria salatzeko.
Baztango herrietako alkateek Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariaren aldetik Erdizko harrobiaren inguruko azaroaren 20ko bozketa egiteko debekua jaso zuten pasa den astean. Guardia Zibilaren kuartelera deituak izan ziren jakinarazpena jasotzeko. Honen harira, eta “bidegabekeria” salatzeko, agerraldia egin zuten astelehenean Iruritako Errebote plazan.
Imanol Etxeberria Arizkungo alkateak, Almandozkoa izan ezik bertze alkate guztien izenean, herri kontsulta debekatzea “sekulako bidegabekeria” dela salatu zuen, eta “arras larria” dela herritarrei euren iritzia emateko eskubidea kentzea.
Adierazpenean Etxeberriak erran bezala, “eztabaida ez da harrobia bai ala ez. Hemen benetako partehartzeaz eta demokraziaz ari gara solastatzen”. Horregatik eta hau aditzera emateko, azaroaren 20an bertan batzarrak antolatu dituzte Baztango herri guztietan eta arratsalde horretan, 17:00etan, Elizondon elkarretaratzea eginen dutela ere jakinarazi dute.
Bukatzeko, “gertatutako bidegabekeria salatzeko, herritarrak animatu” zituzten egun horretan parte hartzera, “iritzia ematean ez baita deliturik!”, erran zuten.