Podemos-ek Irungo hirugarren anbulategia bultzatzeko Eusko Legebiltzarrean zuzenketa aurkeztu duen bitartean, jeltzaleek Via Irun 2030 baitan aurkeztu berri duten anbulategiarekin "kea saltzen" aritzea leporatu diote Irungo EAJri.
Irungo Elkarrekin Podemos-Ezker Batuak, Irunek hirugarren anbulatorioa behar duela aldarrikatu du beste behin ere. "Irundarrek duten premia gorria geroz eta handiagoa da", David Nuñoren arabera, eta beraz, aterabide azkarra eman behar zaiolakoan, bere taldeak Eusko Legebiltzarrean 80 milioi euroko zuzenketa proposatu duela jakitera eman du. Diru horrekin, Donostiako Onkologikoari, Durangaldeko ospitaleari eta Irungo hirugarren anbulategiari bultzada eman nahiko liokete.
Anartean, maiatzeko udal hauteskundeetako hika-mikan sartuak, osasungintzako lehen arreta zerbitzuaren beharrei erantzuteko, Irungo EAJk Via Irun 2030 proiektuaren barruan aurkeztutako Erdiguneko (Hermanos Iturrino zenekoa) anbulategi zaharra ordezkatuko lukeen anbulategi proiektu berria gogor kritikatu du Elgarrekin Podemoseko David Nuñok: "argi dugu Via Irun 2030 EAJren kanpaina proiektua dela, kerik ez saltzea eta irundarren alde lan egitea eskatzen dugu", dio Nuñok, izan ere, jeltzaleek aipatzen duten anbulategirako irisgarritasuna ez da ulergarria, proiektu hori beste 10 urtez luzatuko bada". Izan ere, tren geltoki intermodalak anbulategia eskura jarriko duela argudiatu dute jeltzaleek, baina "intermodala ongi etorriko bada, osasun zerbitzurik ez badago, zuzenean Donostiara joan ahal izateko izango da", dio Elkarrekin Podemoseko ordezkariak. Bere ustetan, proiektua ez baita epe laburrean egingarria. Eta beraz, "iraingarria da hiritarrei zerbitzuak 10, 20 edo 30 urtera emango zaiela esatea".
Gogoan hartu behar baita, jeltzaleek Via Irun trenbide eremuaren arramoldatzeko espazioan kokatu nahi duela anbulategi berria, "tren geltoki intermodalari esker denen eskura" jarriaz. Jakinik, betiere, zerbitzu gehiago emango lituzkeen anbulategi "berri eta handiago" hau ez lukeela Oinaurren aurreikusita dagoen hirugarrena ordezkatuko, 50. hamarkadan eraiki eta zaharkitua geratu den Erdigunekoa baizik.