Kafe Antzokiaren sustraiak ondo errotu nahian dabil Ziztakak

Antxeta Irratia 2022ko aza. 14a, 00:00

Azaroaren 18an Palmera-Monteron biltzeko deia luzatu du kolektiboak, orain artean egindako ibilbidearen berri eman, eta Kafe Antzokiaren erronkari heltzeko hurrengo urratsak aztertzeko.

Ziztaka kolektiboaren helburua ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Irungo euskararentzat arnasgune eta kulturaren bilgune bilakatuko den Kafe Antzoki baten proiektua aurrera eraman nahi dute. Eta proiektuak ahalbezain zutabe sendoak ukan ditzan, hastapenetik eragileekin eta bidasotar ororekin batera aritu dira beharrak diagnostikatzen eta proiektua zehazten. Hala, orain artean egindako lau bilera edo foroetan 150 eragile eta norbanako batu badira, iaz egindako Harreman Biran, auzo elkarteekin eta Irungo udal talde politikoekin ere bildu ziren proiektua partekatzeko, eta haien konpromisoa eskatzeko. Izan ere, proiektua gauzatuko bada, ahalik eta sustrai sendoenekin izan dadila nahi dute.

Kafe Antzokia hirigunean behar duela argi dute, erreferentzialtasuna lortzeko, eta denentzako irisgarria. Baina proiektuaren nondik-norakoetan bezala, hau lortzeko eraman beharreko estrategian ere, herritarren eta euskal eta kultur eragileen ekarpenak jaso nahi dituzte. "Agian guk modu batean ikusten ditugu gauzak, baina bide egokiagoak daude helburua lortzeko", dio Ziztakako Maider Ugartek.

Hori dela eta, proiektua, asmoak eta ideiak, eta zertan diren partekatzeko azaroaren 18an Ziztakaren V. Foroa deitu dute Palmera-Montero gunean arratsaldeko 18:30etan.

Maider Ugarte, Ziztakako kidearekin hitzegin dugu

Erlazionatuak

Kafe Antzokiaren sustraiak ondo errotu nahian dabil Ziztakak

Antxeta Irratia 2022 aza 14 Behe Bidasoa