Irungo Nayade abesbatzak diskoa plazaratuko du 25. urtemuga ospatzeko. Kontzertu berezia prestatzen ari dira ere abenduaren 23rako, 1997an egun horretan eman zuten aurreneko emanaldiaren leku berean, Amaia Kultur Zentroan.
Joan den urrian Sarako leizeetan Kalakan taldearekin abestu ondotik, urte bukaera berezia du Nayade abesbatzak. Irungo ahots zurien abesbatza bakarrak ibilbide oparoa egin du mende laurden honetan. Idoia Lacarta, Nayaderen sortzaileetako batek aipatzen duenez, "zazpi emakumek zuten abesteko grinak bultzatuta" pittaka-pittaka "abentura ederra" bilakatu da. Atzokoak abesbatzak gonbidatuta abesten hasi eta ondoren Nayade sortu zuten zazpi emakume horiek bere horretan jarraitzen dute abesbatzan.
Oreretan gabon kanta lehiaketa irabazi zutelarik ohartu ziren, segida eman behar ziotela. "Abesbatza sortu eta ez da beti erraza izan, baina astean behin ensaiatzen eutsi diogu 25 urteotan beti gauez, guretzako gaua hartuta", dio Lacartak. Eta horrela, eskualdeko abesbatzen artean erreferente bilakatu da 30 emakumek osatzen duten Irungo ahots zuriko talde bakarra.
Urte berezia dute honakoa, diskoa plazaratuko dute 25. urtemuga ospatzeko. Alaitz Urkia zuzendariak esplikatu digunez, El Pilar ikastetxean asteburu oso bat eman dute grabaketa lanetan, eta pozik daude emaitzarekin. Orotara 500 ale argitaratuko dituzte, eta abesbatzakideek euren buruari egiten dioten opari edo omenaldi gisa dela nabamentzen dute. Mende laurden honen ibilbidearen bilduma bat izango da, betiere naturarekin lotuta. "Abesbatzako kideon bizi oso baten zikloa, naturaren zikloari lotuta dago, eta hori da diskoaren abesti guztien haria", dio Urkiak.
Diskoaz haratago, abesbatzako partaide, laguntzaile, zuzendari eta koralista ohiak bildu nahi dituzte 2023ko azaroan egingo duten aparteko kontzertu batean. Eta urtean zehar Santa Zezilia edo San Martzialetako kontzertuen agenda estreinatzeko, abenduaren 23an 1997an euren aurreneko kontzertua eman zuten lekuan berean, Amaia KZn, eta egun berean urtemugako kontzertua prestatzen ari dira.
Nayade abesbatzaren azken ensaioan izan gara, eta Alaitz Urkia zuzendariarekin eta sortzaileetariko batekin, Idoia Lacartarekin hitzegin dugu