Negoziaketa bideratua zirudien, Hondarribiko Udalak egindako proposamen ekonomikoarekin erdibideko adostasuna bazelako. Baina balizko lan hitzarmen hori gerora beteko duela segurtatuko duen blindaje klausularik ez du enpresak izenpetu nahi.
Hondarribiko udal bulego eta eskoletako garbitzaileen negoziaketak ataka berri bat topatu du bidean. Hitzarmen berria izenpetzeko xirrikitua zabaldu egin zen urriaren 27an udalak langileekin eta enpresarekin antolatutako bilera egin ondotik. Baina baldintza ekonomikoak onargarriak izanik ere, "hitz emandako baldintzak iraunkorrak izatea segurtatuko luketen blindaje klausularik ez ditu enpresak izenpetu nahi". Horixe bera salatu du Arantxa Amunarrizek, langileen ordezkariak 177. greba eguna betetzen duten honetan.
Sei hilabete beteko dituen grebaldiaren prozesua "are gehiago luzatzen" ari dela leporatu diote ISS enpresari. Langileak ez dira fido. Izan ere, PRECOn egindako hamar bileratan hainbatetan atzera egin izan du enpresak "negoziaketa prozesua bera bihurrituz". Oraingo honetan, hiru dira langileek segurtatu nahi dituzten klausulak, euren aldarrikapenak azpi-jokoen tranpan eror ez daitezen. Izan ere, lan baldintzak hobetzearekin batera, langileei lan-orduak apaldu nahi dizkie enpresak, eta besteak beste, langileen ordezkoei konbenio apalago bat aplikatu. Baina funtsean, gaur egungo baldintzetan hitzarmena izenpetuko balitz, enpresak diru galerak justifikatzearekin aski luke lan hitzarmen berria bertan-behera uzteko. Eta hor linea gorriak ezarri dituzte langileek eta ELA sindikatuak.
Arantxa Amunarrizek dioenez, negoziaketa hasieran langileen eskaera plataformaren txostena 10 orrialdekoa zen, eta gaur egun orrialde bakarrak osatzen du euren hobekuntzen zerrenda: "asko apaldu ditugu gure eskaerak, eta enpresak ez du deus ematen. Lehen dirua galduko zutelako aitzakiarekin, eta orain udalak baliabideak jartzeko prest dagoela, luzaroan baldintza horiek bermatuko dituenik ere ez du sinatu nahi", dio langileen ordezkariak.
Mobilizazioak eta hurrengo bilera
Gauzak honela, ostiraleko bilerak emango duenaren esperoan, presio ematen jarraitzeko mobilizatuko dira asteazken eta ostegun honetan. Portua auzoko Bienvenida Emazabel plazan elgarretaratzea deitu dute 11:30an.
Itxaropen guztiak ostiralean emango den bileran ezarri dituzte. Eusko Jaurlaritzako Lan Delegaritzarekin bilera egingo baitute, langileak, udala eta ISS enpresak. Eta iragarri dutenez, Victor Monreal lurraldeko lan delegaritzako ordezkariak parte hartuko du.