Turistifikazioak eragindako bigarren etxebizitzen loraldia eta laborantxa lurren espekulazioaren aurrean, etxebizitza eskubidea segurtatuko duten alternatibak azalduko ditu Alda kolektiboko lehendakariak, Xebax Christyk gaur 18:30an Baleak elkarteak antolatutako 'Ipar Euskal Herriko Borrokak' zikloaren baitan.
Kolektiboko militanteek trantsizio ekologikoa eta justizia soziala lantzen badute ere, “jendeen beharretara" jo dute hastapenetik. Eta azken urteotan azkartu egin den Iparraldearen turistifikazioa eta laborantxa lurren espekulazioaren arazoaren aurrean, alternatibak proposatzen ditu Aldak. Horien berri emango du solasaldian, eta egungo egoeraren nondik-norakoak azaldu ere. Izan ere, Hendaia edo Urruñan, bezala, herri gehienetan ez da legeak agintzen duen bizitoki sozialen gutxieneko kopurua betetzen. Eta nekez orekatu ahalko da etxebizitza merkatua eta apartamendu turistikoen loraldia arautzen ez bada. Etxegintza agentziak egindako lanaren arabera, 10.000 bat etxebizitza galdu direla urte osoan alokatzen zirenak, AirBnb bezalako plataformetan. Jakinik, 45.000 inguru zirela alokairu merkatuan. Xebax Christyk oroitarazi duenez, kostaldeko 24 herri tentsiopean dauden eskualdea dela identifikatua du estatuak berak.
Izan ere, Lapurdi kostaldeko herriek dute bigarren etxebizitza tasarik altuena: Hendaia (%35), Ziburu (%41), Donibane Lohitzune (%43), Getaria (%44), Bidarte (%47). Honek prezioen garestitzea ekarri duenez, barnekaldera migrazio inmobiliario bat sortu da urteotan, eta horrek laborantxa lurren gaineko espekulazioa eraikuntza berrien mehatxupean.
Xebax Christyk Baleak elkartean partekatuko duen diagnostiko eta alternatiben harira, etxebizitzen kopurua etengabe eta erregularki hazi da 1968tik gaur arte. Orotara, bikoiztu egin da. Baina etxebizitza nagusien kopurua bikoiztu den bitartean, etxebizitza hutsena 1,2 emendatu da, eta bigarren etxebizitzena 3,6 bider. Horren ondorioz, Ipar Euskal Herriko etxebizitza parkean, bigarren etxebizitzek okupatzen duten partea handituz joan da 1968tik gaur arte. Garaian %12,1ekoa zen, eta gaur egun %21ekoa da.
Horri aurregiteko onartu berria den konpentsazio neurria eraginkorra izan daitekeelakoan dago Alda, turismo sasoirako alokatzen den etxe bakoitzeko, jabeek urte osoko alokairu bat eskaini beharko baitu udalerri berean.
Etxebizitza hutsen gainean, aldiz, Hendaian %5a suposatzen dutenak, frantses estatuak fiskalitatea aldatu beharko lukeela defendatzen du kolektiboak, "alokatzea huts mantentzea baino interesgarriagoa izan dadin jabearentzat". Nolanahi ere, etxebizitza duin bat eskuratzea Iparraldean "merkatu pribatuan ia ezinezkoa" den honetan, egoera iraultzeko erantzun integrala eta alternatiboa beharrezkoa dela nabarmentzen du Aldak.