Txomin Sagarzazu: `Alkatetza eginkizun zibikotzat ulertzen dut, eta bolada baterako ardurak hartuta, nahikoa ikusten dut´

Antxeta Irratia 2022ko aza. 10a, 00:00

Hondarribiko udaletxean emandako 12 urteak nahikoak direla dio alkateak. Bere lehengo bizimodua eta irakasle postua berreskuratuko du agintaldia behin bukatutakoan.   

Kultura zinegotzi gisa bere ekarpena 4 urtez egin ondotik, azken 8 urteetan Hondarribiko alkate izan den Txomin Sagarzazuk ez du bere burua maiatzeko udal hauteskundeetara berriz aurkeztuko. Santo Tomas Lizeoan 25 urtez irakasle izan ondotik, han du bere postua, eta irakaskuntzara itzuliaz bere "lanbidea eta zaletasuna" berreskuratzeko gogoa duela aitortu du. Halere, "lidergoa indarberritzeko garaia" iritsi dela argitu du. "Alkate kargua eta pertsona identifikatzea axola handikoa da, baina agintea betikotzeko ereduan ez dut sinesten, eginkizun zibikotzat ulertu dut herrigintza, eta bolada batean ardurak hartuta, nahikoa ikusten dut", azaldu du Sagarzazuk.

Hala, herriari egin beharreko ekarpena ontzat ematen du horrela. "Alkate ofizioa oso exijentea" dela aitortu badu ere. Bereziki bigarren agintaldia. Izan ere, "Pandemiak eta HAPOa bertan behera lagatu izanak herriaren garapena mugatu" duela dio, aitzakitzat eman nahi izan gabe.

Dena dela, maiatza artean lanean jarraituko du hainbat proiektu borobildu nahian. San Telmo gaztelua bisitagarri egiteak "ilusio berezia" egiten diola azpimarratu du, udal talde guztien adostasuna duelako. Hala, segurtasun plana osatzen ari direla, eta zertara bideratuko den argitu bitartean ere, herritarrek bisita egin ahal izatea nahiko luke. Bestalde, puri-purian den kiroldegiko lizitazioa, Presako etxebizitzak edota Plaiaundi-Mendelu arteko bidegorriaren proiektuak bideratuak utzi nahiko lituzke hilabeteotan.

Anartean, Hondarribiko EAJ alderdiak "Txomin Sagarzazuk urteotan guztiotan udalerriaren alde egindako lana" eskertu nahi izan du ohar baten bidez. Eta iragarri dutenez, oraindik zabalik dagoen hautagai berria aukeratzeko prozesua azaroaren 16an itxiko dute.