Baztango mintzoari buruzko tailerra emanen du Paskual Rekaldek Elizondon

Antxeta Irratia 2022ko aza. 8a, 00:00

Honez gain, pasa den larunbatean egitekoa zen “Hizkuntza aktibismoa” tailerra azaroaren 19an ospatuko da azkenean. 

Baztango Euskaraldiko Batzordeak antolatuta, hizkuntzari buruzko bi tailer eginen dira Elizondon hilabete honetan. Biak Arizkunenean ospatuko dira eta hauen helburua “ariketa sozial kolektiboa girotzea, eta herritarrak aktibatzea eta parte hartzea” izanen da.

Hasteko, pasa den larunbatean egitekoa zen “Hizkuntza aktibismoa” ahalduntze tailerra bertan behera gelditu zen eta beraz, datorren azaroaren 19an ospatuko da, 9:30etik 13:30era. Euskal Herrian Euskaraz plataformak eskainiko du tailerra eta erran dutenez, honen helburua “euskaraz bizi nahi eta ahalegina egiten duten herritarrei tresna eraginkorra eskaintzea” izanen da.

Bertze aldetik, bihar (azaroak 9) hasiera emanen diote bertze ekimen bati. Pascual Rekalde euskalzain oso amaiurtarrak “Baztango mintzoa” tailerra emanen du hilabete honetan hiru egunez, azaroak 9, 23 eta 30. Arizkunenean ospatuko da baita ere, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Lehenengo saioan testuinguruan jarriko dute gaia eta bigarren eta hirugarren saioak praktikoak izanen dira eta zalantzak argitzeko baliatuko dituzte.

Tailerretan parte hartzeko izena eman behar da euskara@baztan.eus helbidean.