Datorren azaroaren 20an ospatuko da galdeketa, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta baztandar bakoitzak bere herrian egokituko den lekuan bozkatu beharko du.
Baztango Batzar Nagusiak eta Baztango herrietako alkateek, erabakia euren kabuz hartuta, Erdizko proiektuari buruzko galdeketa eginen dute datorren azaroaren 20an. Baztango herri guztietan eginen da bozketa, Almandozen izan ezik.
Baztandar guztiek Erdizko proiektuari buruz duten iritzia emateko aukera izanen dute datorren azaroaren 20an, igandean. Bozketan parte hartzen dutenek galdera honi erantzun beharko diote: “Erdizko bazkaleku komunalean okupazioa Magnari baimentzearen alde zaude?”. Edozein iritzi dutela ere, Baztango alkateak herritarrak bozka ematera animatu nahi izan dituzte, “Baztan guztiok osatzen dugulako”, Pello Iriarte Iruritako alkateak adierazi zuen moduan.
Galdeketa goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara ospatuko da herri bakoitzak horretarako egokituko duen lekuan:
Amaiur: Otsondo gela
Aniz: Herriko batzartegia
Arizkun: Medikuaren etxea
Arraioz: Herriko batzartegia
Azpilkueta: Herriko elkartea
Berroeta: Herriko kontsultategia
Elbete: Herriko eskola
Elizondo: Herriko etxea
Erratzu: Lixutegia
Gartzain: Herriko etxea
Irurita: Gizarte Bilgunea
Lekaroz: Herriko eskola
Oronoz-Mugairi: Herriko batzartegia
Ziga: Herriko elkartea
Herritarrek NANa eraman beharko dute bozkatzeko. Boto-paperak etxez etxe banatuko dituztela jakinarazi dute, nahiz eta egunean bertan ere eskuragarri egonen diren bozkatzeko lekuetan.