Jakinmina asetzeko eta aretoak betetzeko helburuarekin dator aurtengo FICAB zinemaldia

Antxeta Irratia 2022ko aza. 7a, 00:00

Itziar Ituño aktorisa ezaguna epamahaiburu dela, azaroaren 14tik 19ra munduko azken indusketa eta aurkikuntza arkeologikoen berri emango duten 29 film-dokumental ikusgarrienak proiektatuko dituzte Irungo AmaiaKZn. 

Urtero bezala, Oiasso Erromatar Museoak inguruko kultur eragileekin lankidetzan ariko da XXII. FICAB (Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa) festibalean ere. Eta itsaspeko arkeologiari buruzko dokumentalak Donostiako Aquariumean proiekatatuko dituzte. Nolanahi ere, Itziar Ituño epaimahaiburu, arkeologoen hitzaldiek, hezkuntza sailaren dibulgazio eta pedagogia lana, eta Bizinema elkarteak prestatu duen Amaia Kultur Zentroko itxiera-saio bereziak borobilduko dute festibala.

www.ficab.org atarian, online ikusi ahal izango dira ere lan guztiak zinemaldiaren denboran. Baina Aizpea Goenaga zuzendariak Amaia Kultur Zentroa betetzeko deia egin du. "Pandemia atzean utzita, aretoak bete eta goi mailako zinemaz gozatzeko garaia da", aldarrikatu du. Helburu horrekin antolatu dute, munduko indusketa eta aurkikuntza arkeologiko entzutetsuenen berri emango duen nazioarteko festibala. Jose Antonio Santano Irungo alkateak aurkezpenean nabarmendu du, gogoan hartzekoa dela "Europan erreferente bilakatu den festibala dela, eta Oiasso Museo borobilduko duen terma erromatarren berreskuratze proiektua abian jarri behar den honetan, museoa bezala, FICAB festibala ere harribitxi bat dela".

Harribitxiak ikusgai

Izan ere, aurten hautatu dituzten 29 lanak goi mailakoak dira denak. Orotara, sei proiekzio egun izango dira, eta Aizpea Goenaga zuzendariak iragarri duenez, "historiaren aro desberdinak landuko ditu proiekzio egun bakoitzak". Amerika aurre-hispanikoa, aurrehistoria, egipto... guztira 29 film-dokumental izango dira. Aurten luzemetraiak izan dira jasotako lan gehientsuenak, eta denak goi mailakoak izango dira.

Estreineko egunean, adibidez, Javier Trueba zuzendaria ere izango da Irunen. Bere azken lana aurkeztera etorriko da, 'El Sueño de la Vida Eterna' azaroaren 16an, asteazkenarekin, 19:00etan, Amaia KZko auditoriumean. ONCE erakundearekin lankidetzan, film hau da ikusteko desgaitasuna dutenek ikusi ahal izateko hautatutako dokumentala. AUDESC aplikazioari esker filmaren audio deskriptiboa entzun dezakete.

Egitarauari dagokionez, 19:00etan eguneroko sail ofizialaz gain, Amaiako hitzaldi aretoan, 17:00etan egunero, Xabier Peñalver arkeologo ezagunak solasaldiak eskainiko ditu bertan proiektatuko dituzten dokumentalei buruz. Eta festibalaren helburu dibulgatiboa zutabeetako bat denez, egunero goizeko 11:00etan Hezkuntza saila landuko dute. Horretan, aurtengo nobedadeetako bat ARK-MO proiektua izango da. Txileko Atakamako, Ziburu, Bera eta Irungo ikasleek euren herriko ondare historikoari buruz ekoitzitako 5 minutuko proiekzioa pantaila handira eramango dute.

Goi mailako bidelagunak

Itziar Ituño aktorea izango da aurtengo epaimahaiburua. Gainerako kideak hauek izango dira: Amaia Arranz, arkeobotanikako doktorea eta Historiaurreko aditua; Carlos Coros, antropologoa eta Txileko Los Andeseko museo arkeologikoko zuzendaria; Fernando Pérez, Azkuna Zentroko zuzendaria; eta Mertxe Urteaga, arkeologiako doktorea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ondare historiko-artistikoaren zerbitzuko kidea. Horietako batzuek aurkezpenetan eta proiekzioen ondoko mahai-inguruetan parte hartuko dute.

Bestalde, FICAB fesitbalaren sari-banaketa ekitaldia zinemaren besta izan dadin nahi dute. Aurtengo edizioak Tutankamonen aurkikuntzaren mendeurrenari keinu bat egiten dioenez, Bizinema Irun elkarteak Amaia KZa egiptologian oinarrituta girotuko du, eta sariak banatu ondotik, Monty Python taldearen 'Los caballeros de la Mesa Cuadrada y sus locos seguidores' filmaren proiekzioarekin borobilduko dute.