Biriatuko herriko etxearekin hiru urteko hitzarmena izenpetu dute Olaizek eta Peiok, herria biziarazteko helburuarekin. Proiektuaren dossierra aurkeztu zioten herriko etxeari, eta Xoldoko ezker paretan den ostatua kudeatzen hasiko dira herriko besten idekitzearekin batera. Azaroaren 4tik 12ra ostatua besten erdigune izateko xedea du. Baina aurrera begira, ideia anitz dituzte jarduera desberdinak antolatzeko. Aipatu digutenez, ostalaritza zerbitzuaz gain, inguruko elkarteekin elgarlanean aritu nahi dute, antzerki, kontzertu, mus txapelketa edota bertso-afariak antolatzeko. Baina momentuz, pintxo-talo-pote giroa antolatzea dute helburu, Olaizen arabera "giro ona botatzera etorri gara Biriatu biziarazi dadin".
Horrela, astean zehar 7:30etan idekiko dute ikastola eta herriko eskolako ikasleen gurasoen goizeko kafea segurtatzeko, eguerdian menua proposatuko dute, eta gauetan pintxoak. Iragarri dutenez, ostegunetan itxiko dute asteko atseden eguneko. Eta aste hondarretan goizeko 2ak arte zerbitzu emango dute.