Mugako hesia udal langileek berrezarri zuten «gaizki-ulertu» batengatik, baina ez da errepikatuko

Antxeta Irratia 2022ko aza. 3a, 00:00

Hendaiako auzapezordeak udal langileek muga berriz ere hesteko agindurik jaso zutenik ukatu du, herriko etxea mugak idekitzearen alde dagoelako. Richard Irazustak argitu duenez, halakorik ez dela errepikatuko jakinarazi diote poliziari eta suprefetari. 

'Mugak apurtu, Zubiak eraiki!' mobilizazioan parte hartu zuten kolektiboetako militanteek kendutako hesia, Hendaiako herriko etxeko zerbitzuetako langileek berrezarri zuten gau berean. Honek haserrea eta harridura piztu badu ere, "gaizki-ulertu" baten ondorioz eman dela segurtatu du Richard Irazustak, Hendaiako auzapezordeak.

Antxeta Irratian galdegin diogu frantses poliziaren hesiarekin muga berriz hesteko eskumena herriko etxearena ote den. Edota herriko etxeak eman zien agindu hori bere langileei.

Ez bata ez bestea.

Irazustak argi utzi nahi izan du, udal langileek hala egin dutela, "baina bi aldiz ez da gertatuko". "Langileek ez zuten agindurik jaso, eta ez dira behartuak izan ere", azaldu du udal ordezkariak "larria ez balitz, irringarria izango litzake, gure herriko etxeak argi erran duelako beti mugak ideki behar direla, Etorkinekin elkartea diruzlaguntzen dugu, eta polizia munizipalak migranteen kontrolatzeko lanetan ez laguntzeko agindua emana dute".

Baina azaroak 1eko mobilizazioa bukatu eta gau horretan bertan hesia bere lekura itzultzeko lanetan diharduten udal zerbitzuetako langileen bideoak bolo-bolo hedatu dira sare sozialetan. Hendaiako auzapezordeak argitu duenez, istripu bat ematen denean poliziak edo suhiltzaileek herriko etxeko zerbitzuak deitu ohi dituzte garbiketa lanak egiteko. Eta kasu honetan, langileei eskatu zaiena egin dute, euren ohiko lana delakoan. Baina biharamunean galdetu zuten herriko etxean ea beraien lana ote zen, zalantza zutelako. "Baina muga hesteko agindua ez da sekulan emana izan", nabarmendu du Irazustak. Eta ikusirik gertatutakoa, poliziari eta suprefetari komunikatu diote iada, "behin hala izan dela, baina ez dela gehiago errepikatuko".