Etxebizitza arazoaren aurrean alternatiba errealak partekatzeko bilera irekia antolatu du Abotsanitzek

Antxeta Irratia 2022ko aza. 3a, 00:00

Hondarribian 3.900 euro metro koadroko, etxebizitza ez da gazteentzat eskuragarria, eta biztanleria bere horretan mantendu bada ere, 25 urteotako etxebizitza politikak herrian eraldaketa soziologikoa eragin duela diote. Gaurko erroldatuen %42a ez baita sortzez Hondarribikoa. 

1987az geroztik eraiki diren 3.000 etxebizitzetatik 2.300 inguru salmenta pribatukoak izan dira Hondarribian. 25 urte horietan eraman den etxebizitza politika eraldatu beharra dagoela dio Abotsanitzek, herriko soziologian eragin zuzena duelako, eta udalak "herrian bizi eta lan egiteko eskubidea" bermatu nahi badu bederen. Izan ere, gaur egun herrian erroldatutako biztanleen %42a ez da Hondarribikoa sortzez. Eta urteotan biztanleria 17.000koen bueltan egonkortu egin dela ikusita, "herriko gazte belaunaldi berriek herria uztera behartuak dauden bitartean, hauek ahalmen ekonomiko handiagoa duten kanpokoek ordezkatu" dituztela ondorioztatzen dute.

Estitxu Urtizberea, Abotsanitzeko hautetsiaren ustetan, "herriko demografia eraldatzera eraman duen arrazoi nagusia, etxebizitzaren aparteko garestitzea" izan da. Azken datuen arabera, batezbestean, 3.900 euro ingurutan saltzen da metro koadroa Hondarribian. Eta alokairu pribatuaren prezioa hilean ia 13 eurokoa da metro koadroko. "Agerikoa da nornahik ezin duela Hondarribian bizi, hor dago gaur egungo egoeraren koxka", dio.

Baina errealitate horren aurrean amore eman baino, "alternatiba errealak" bultza daitezkeela sinetsita dago Abotsanitz. Hauek partekatu eta herritarren iritzia jasotzeko bilera irekia antolatu dute azaroaren 9an (19:00etan) Alde Zaharreko Kultur Etxean. Herritar oro hunkitzen duen arazo hontaz jabetu daitezen dute helburu. "Gazteetan zentratu gara oraingo honetan, baina irisgarriak ez diren etxebizitza zahar eta handiegiak dituzten adineko pertsonak badira ere, alternatiba behar dutenak", dio Urtizbereak. Are gehiago 25 urtez areagotzen joan den problematika izaki, diotenez, "gaur egun 40-50 urte arteko heldu asko zailtasunetan da, alokairuan bada ere, euren familiekin herrian jarraitu ahal izateko".

Gazte zein adinekoentzat alternatibak

Zentzu honetan, aterabidea ez da bat eta bakarra. Neurri asko har daitezkeela defendatzen dute. Alde batetik, PRESAkoak bezalako babes ofizialeko etxebizitzen eta alokairu sozialekoen promozioak azkartu behar dira. "Proiektu eternoa dirudi, eta azkenean badirudi aurrera doala baina aurreikusitakoa baino etxebizitza kopuru txikiagoarekin", dio oposizioko hautetsiak. Halere, ez du dena eraikuntza berria izan beharrikan: "Herrian dauden etxebizitza zaharrak berritzeko ekimenak ere behar dira, Mendelu auzoan adibidez".

Adineko pertsonentzat, bestalde, "Muliateko 'zuloan' etxebizitza txikiagoak, irisgarriagoak eta espazio amankomunak izango dituzten adinekoei zuzendutako apartamenduak" egin daitezkeela diote. Baina etxebizitzaren merkatuan eragiten duten gainerako faktoreetan ere, esku har daiteke haien ustetan.

Turismo herria

Turistifikazioari neurri hartuta adibidez. Izan ere, Hondarribia da Donostia eta Bilbo hiriburuen ondotik, VT apartamendu turistiko gehien dituen udalerria EAEn. 2017an 69 VT etxebizitza turistiko ofizial eskaintzen ziren bitartean, 2021eko datuen arabera 201 ziren "orain ez dakigu zenbat izan diren klandestinoak, egoera larriagoa delakoan gaude". Abotsanitzek "ezinbestekotzat" jotzen du sektore hau erregulatzea. Herriko etxebizitza guztien %2,5 inguru horretara bideratu izanak bizitokien merkatuaren eskaintzan eta prezioan "inpaktu zuzena" duelako. Halere, Hirigintza Antolamendu Plan Orokor berria onartu artean ezingo zaio horri eskuhartu.

HAPOa giltzarri jotzen dute etorkizuneko Hondarribia eraikitzeko. Eta etxebizitzan eragina ez ezik, honek ere gainerakoa hunkitzen duela defendatzen dute. "Bertako jendeak bertan bizitzerik ez badu" lehenago berandu baino, herri baten idiosinkrasia, nortasuna edota euskararen erabileraren bilakaeran ere eragin baitezake.