Urtarrila arte luzatzen den kanpaina aste honetan hasi dute udal lorazainek, Bienvenida Emazabel plazako eta San Pedro zein Santiago kalean dauden 140 bat platanoekin. Zuhaitz espezie honek du lehentasuna, hosto handiak dituenez, kaino-zuloak trabatzea sahiesteko.
Hondarribiko San Pedro kaleko platanondoak zaharrak izanik ere, Zumardikoak (Alameda) dira herriko zaharrenak, 175-200 urte inguru baitituzte, eta babestuak daude. Nolanahi ere, urtero bezala azaroaren 1etik goiti hasi dira hiriguneko 1.500 bat zuhaitz urbanoen kimaketa kanpaina. Eta arreta berezia jartzen dute lorazainek platanondoekin, bereziki euren hosto orbelak eragin ditzakeen arazoak sahiesteko. Gonzalo Carrion 'Txalo', Obra eta Hirigintzako zinegotziak argitu duenez, "adarren arriskuaz gain, hosto handiko zuhaitzak direnez, ximeldu eta euri ta haizearekin kaino-zuloetan amaitu baino lehen kimatzen dira lemixi". Aurretik ere, eskoletako zuhaitzen kimaketa egiten dute.
Hala, Portua auzoko zuhaitz hauekin bukatu bezain pronto, heldu den astetik aurrera, Biteri kalea, Bernat Etxepare, Soroeta, eta Alde Zaharrera joko dute lorazainek, gainerako auzoetan ere esku hartuko dutelarik: jarraian Donosti kalea, Arrantzale Auzoa, Gibeleta eta Alamedara joango dira. Carrionek azaldu duenez, "ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko beharrezkoa den koordinazioa eramaten da, eta auzotarrak informatzen ditugu, bereziki trafiko mozketengatik".
Bestalde, hiriguneko zuhaitzen kimaketarekin batera, urtero zuhaitz gehienen osasuna aztertzen dela nabarmendu du, eta espeziearen arabera sendo mantentzeko neurriak ere hartzen dituztela.