Legarraldeko laborariek eta Hendaiako herriko etxeak ez dute elkar ulertzen

Antxeta Irratia 2022ko aza. 3a, 00:00

2018tik herriaren esku diren lurretan plantatuak dira hiru laborari. SAFER eta EPFL egiturekin eramaten dute proiektua. Baina azken denbora hauetan, laborariek eskatzen dutena ez dela entzuna salatzen dute, eta proiektua ez dela aitzinatzen ari. 

Laborantxa biologikoan ari diren laborariak laguntzea zen Hendaia eta Urruñak partekatzen duten Legarralde eremuko proiektuaren xedea. 20 hektarea dira orotara, horietatik 12 Hendaian kokatuak. Eta bertan etxebizitzak eraikitzea aurreikusia bazen ere, herriko etxeak laborantxa biologikoan ariko ziren herriko gazteei bideratzea deliberatu zuen.

Gaur egun hiru laborari dira plantatuak herriaren esku diren lur horietan, eta beharrak dituzte. Patrick Larrondo laborariak azaldu digunez, hautetsien eta laborarien artean harremanak geroz eta okerragoak dira. Eta Laurent Lescoulié-k, euskal txerri hazlea kexu da, herriko etxeak ez duelako proiektu hastapenean hitzemandakoa bete.

Afera ez da berria, badira urteak hautetsi eta laborarien artean tirabirek segitzen dutela. Ganix Grabières proiektuaz arduratzen den herriko etxeko axuanta da. Bere erranetan materiala biltzeko lekua badute laborariek, galdegin zuten bezala, "baina beti gehiago eskatzen dute" bere iduriko. Dena dela, Legarraldeko proiektua sustengatzen dutela segurtatu digu, eta behar baliabideak emaiten ari zaizkiela azpimarratu du Grabieresek. Oroitarazi nahi izan du ere, Legarraldeko proiektuan Hendaiako herriko etxeak milioi bat euroko inbertsioa egin duela.

Erlazionatuak