Gotzone Sagardui sailburuari aurkeztuko diote eskaera aurki izango duten bileran. Lehen Arreta zerbitzua hobetzeko Oinaurreko hirugarren anbulategia eraiki baino, trenbide eremuaren berrantolaketan anbulategi "moderno, handi eta irisgarriagoa" hobesten dute jeltzaleek.
Osakidetzak Irunen eskaintzen duen Lehen Arreta zerbitzua Gipuzkoako beste eskualde batzuetan baino eskaxagoa dela aitortu du EAJ udal taldeak, hilabeteotan egindako azterketa sakon baten ondotik. Adituekin eta osagarri zerbitzuetako profesionalen iritziak bildu dituzte, eta azken 10 urteotako anbulategietako datuak aztertu dituzte, etorkizuneko Irun hiriak izango dituen anbulategi zerbitzuen beharrak diagnostikatzeko. Eta Xabier Iridoy bozeramale jeltzaleak argi utzi du "demografiaren garapena, herritarren zahartzea, mugikortasuna eta beharrak" kontuan hartuta, landu duten proposamena dela egokiena datozen hamarkadetarako.
Horiek hala, Irungo Udalak balizko hirugarren anbulategi batentzat Oinaurren erreserbatua duen lurzorua baliatu beharrean, Via Irun hirigintza proiektuaren berrantolaketan sortuko diren espazio berriak aprobetxatzea proposatzen du. Iridoyk dioenez, "hirugarren anbulategi txiki batek ez du arazoa konponduko, gaur egun ez ditugun zerbitzuak eskainiko dituen anbulategi handiago bat behar da, hirierdian eta ongi komunikatua". Eta beraz, Via Irun proiektuak tren geltoki intermodalean garraio publiko guztiak bateratuko dituela kontuan hartuta, eremu hori egokiena dela ondorioztatzen dute.
Anbulategi handiagoa eta zerbitzu gehigarriekin
Zerbitzuei dagokienez, Hermanos Iturrino zeneko anbulategi zaharra ordezkatuko luke honek. Gaur egun Osakidetzako sarean paziente gehien dituen lehen arretako zentroa dela kontuan hartuta (38.300 paziente). Horrela, Dunboako anbulategiak Behobia, Artia, Meaka, Arbes edota Dunboa inguruetako irundarrei zerbitzu emango lieken bitartean, anbulategi berriak gainerako irundarrak artatuko lituzke jeltzaleen aburuz. Baina paziente gehiago jasotzeko aukerarekin batera, "Osakidetzako beste baliabideetara jo beharrik gabe hainbat zerbitzu jasotzeko teknologia eta azpiegiturak" aurreikusten dituzte proiektu honetan. TAG, ekografiak, fisioteraipa eta hortz-osasun zerbitzu hobetua edota erreabilitaziorako areto handi bat ere.
Irungo EAJ udal taldeak egindako proposamena Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari zuzenean proposatuko badio ere, gainerako udal taldeei jarrera irekia galdegin di Iridoyk, "ekarpenak egin eta irundar guztien interesetan" lan egin dezaten.