Azaroaren 4tik 12ra bere usadio zaharrei huts egin gabe ospatuko dituzte Biriatun herriko bestak. Pandemia ondotik gozatuko dituzten aurreneko "besta normalak" izanen dira, aparteko neurri eta mugarik gabe.
Eskualdeko herririk txikienak bere bestak saldo handian ospatzera hurbiltzeko deia luzatu di bidasotar orori. Bestazaleekin pentsatuz, gaueko besta ondokoan taxiak antolatu dituzte Hendaia edota Urruñakoentzat etxera itzultzeko. Izan ere, pandemia baten ondotik normaltasun osoz ospatuko dituzten aurreneko San Martinak izanen dira Biriatun.
Usadio zaharrek agintzen dutenez, Xoldoko ezker paretan ehunka lagun bilduko dituen tripotx afariarekin ekingo diote ostiralean. Eta larunbateko egitaraua Besta Komiteak eta Biriatuko Ikastolak elgarrekin antolatuko badute, animazioarik ez da faltako, 18:00etatik goiti Mutxikoak, Patxi eta Konpania taldeearekin, eta 20:30etik goiti Kilimak, S.F.M. eta Xistors taldeekin gaua ongi bukatzeko. Igandean ere, Maialen Errotabehere kantariaren kontzertua izango da 18:00etan. Eta bi asteburuetako kontzertu eta jarduerekin batera, astean zehar ere, zenbait hitzordu proposatuko dituzte, bereziki, herriko haur eta gazteendako. Azaroak 9an 14:00etatik goiti Xoldon joko-puzgarriak antolatuz.
Halere, igandeko 16:00etan, Antzara Jokoa izanen da ikusmin handiena bilduko duena. Herriko gazteentzako iniziazio errito, Euskal Herriko hainbat txokotan ospatu ohi zen garai batean, baina leku askotan galdu den usadio zahar honi eusten diote Biriatun oraindik ere. Garai batean bizirik, gaur egun ianeko hildako antzarak zintilikatzen dituzte herriko maldan, gazte zaldunek haren lepoa moztu beharra dutelarik. Azaroaren 12an antzara horiekin bazkari herrikoia ere antolatuko dute.
Amaia Zolezzik, Besta Komiteko kideak azaldu digunez, "aurten zaldi gainean zonbait gazte berri sartuko dira Antzara Jokoan partehartzera", izan ere, Besta Komitean ere herriko gazteen belaunaldi berri bat sartu berri da odolberritzeko xedez.