Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko biztanleek deskontuak izanen dituzte urtarriletik aitzinera, Gipuzkoako errepideetako bidesarietan. Lanera edo ikastera joaten direnek %75erainoko deskontuaz baliatu ahal izanen dira eta horretarako, Abiatu sistema izena eman eta Bidegirekin harremanetan jarri beharko dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez, 2023ko urtarriletik aitzinera, Nafarroako eta Iparraldeko auto gidariek deskontuak izanen dituzte Gipuzkoako errepideetako bidesarietan. Deskontuak ezberdinak izanen dira gidariek egiten dituzten bidaien arabera: 1 eta 8 bidaia artean, %25eko beherapena izanen dute; 9 eta 20 bidaia artean, %55ekoa; eta 20 baina gehiago eginda, %75ekoa.
Leku beretik datozen kamioi eta enpresa-autoen kasuan berriz, hogei bidaia baino gehiago egiten dutenek %10eko deskontua izanen dute. 50 bidaia baino gehiago egiten dutenek aldiz, %13koa. Beherapen hauek 2023ko urriaren 1etik aitzinera martxan jarriko dira.