Gaztaina jatea eginen dute Lesakan Lujanbio eta Arzallusen bertso emanaldiaz lagunduta

Antxeta Irratia 2022ko aza. 2a, 00:00

Bortzirietako Bertso Eskolak antolatuta, datorren azaroaren 12an bertso gaztaina jatea ospatuko dute Lesakako Basurde elkartean. Bertan, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak arituko dira bertsotan eta Iratxe Muxika lesakarra gaiak jartzen. 

Azaroaren 12an ospatuko dute aurten Bortzirietako Bertso Eskolak antolatzen duen bertso gaztaina jatea. Lesakako Basurde elkartean eginen dute, 20:00etan. Horren aitzinetik, leku berean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen itzuliko azken finalaurrekoa ikusiko dute elkarrekin, 17:00etan.

Gaztaina jatean parte hartzeko, 10 euro ordaindu beharko dira eta izena ematea ere beharrezkoa izanen da. Horretarako, 618 96 30 11 zenbakira WhatsApp mezu bat idatzi beharko da.