Mugalarren hitzarmena berritu dute Lizuniagan

Antxeta Irratia 2022ko aza. 2a, 00:00

Bera, Etxalar, Azkaine, Biriatu, Sara eta Urruñako udalek pasa den urriaren 29an berritu zuten mugalarren hitzarmena. Bortz urtero berritzen dute hitzarmen hau sei udaleko ordezkariek eta aurten ospatuko dute ekitaldia, Sara eta bera artean dagoen 36. mugarriko Mahai-harrian. 

Bera, Etxalar, Azkaine, Biriatu, Sara eta Urruñako udaleko ordezkariek mugalarren hitzarmena sinatu zuten pasa den urriaren 29an, bortz urteren ondotik. Bertan izan ziren beraz, sei udaletako alkateak: Jean Louis Fournier (Azkaine), Aitor Elexpuru (Bera), Solange Demarcq-Egiguren (Biriatu), Migel Mari Irigoien (Etxalar), Battit Laborde (Sara) eta Philippe Aramendi (Urruña).

Ekitaldiari hasiera emateko, Alkate Soinua jo zuten Berako txistulariek eta aldi berean, Aurreskua dantzatu zuten Gure Txokoa Dantza Taldeko Ane Eltzaurdia eta Eneritz Mariezkurrenak. Ondotik, 2017an lehen aldiz dantzatu zuten Muga-dantzaren bertsio berritua ere aurkeztu zuten. Azkenik, Bera Kantarik taldeak Agur jaunak kantatu zuen emanaldiari bukaera emateko.

Berritutako hitzarmen honen bidez, sei herrietako lurrak, belagiak eta ura aprobetxatzeko eskubidea ematen diote batak bertzeari. Gainera, 2007. urteaz geroztik ere, mendiko suteetan elkar laguntzeko prestutasuna ere adierazten dute sinaduran. Horrela, bertako baserritarrek ardiak, zaldiak eta behiak bertze herrietako bazkalekuetara pasatzeko eskubidea dute, beti ere aziendek euren kabuz joaten badira lur hauetara.