Alarde Fundazioak bere izaera juridikoa demostratzerik ez badu, «alardea udalak berriz antolatzea» planteatu du EH Bilduk

Antxeta Irratia 2022ko urr. 31a, 00:00

2023ko alardeak, 1996a arte bezala, antolaketa publikoa ukan dezan eskatu du koalizio abertzaleak. Diotenez, fundazioen erregistroan galdetuta, «ez da Alarde Fundaziorik esistitzen». Eta beraz, 25 urteotan egindakoa legala ote den ere zalantzan jarri dute. 

Joan den osteguneko udalbatzaren amaieran, EH Bildu udal taldeak gobernuari pausatutako alardearen antolaketari buruzko galderak bazterrak nahasi ditu. Baina alardearen eztabaida inarrosi dezakeen arren, gatazkaren aterabidea erakuts dezake aldi berean.

Izan ere, koalizio abertzaleak salatu duenez, Hondarribiko Alarde Fundazioak 25 urteotan alardea ekimen pribatu gisa antolatzeko jaso izan duen baimena ez litzateke legezkoa. Xabier Bengoetxea, EH Bilduko hautetsiak Antxeta Irratian argitu duenez, udalak emandako kale okupaziorako alkatearen dekretua ondo aztertu dute. Eta herriko gainerako elkarte edo pertsona juridikoek bete beharrekoak ez ditu Alarde Fundazioak betetzen. Izan ere, mende laurden ondoren "eratzeko prozesuan dagoen fundazioa" delako oraindik.

Ezin da oharkabean pasa honetan guztian, aurten udalak emandako baimen dekretua pertsona fisiko baten gainean eman duela, eta ez Alarde Fundazioaren izenean.

2023ko alardearen antolakuntza, aukera

Horren arabera, zalantzak sortzen ditu urteotan udalak alardea antolatzeko emandako baimenen dekretua ez ezik, fundazio horrek erabilitako aseguruak, aurrekontuak edota alardearen segurtasun-planak berak. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko fundazioen erregistroan galdetu dute, eta "ez da halako fundaziorik esistitzen" argitu du Bengoetxeak. "Horrek galdera bat sortzen du, Alarde Fundazioak bere izaera juridikoa demostratzerik ez badu, nork antolatuko du 2023ko alardea?".

Kontuan hartu beharbaita, fundazioaren ibilbidea legezkoa izan ote den aztertzen ari direla epaileek. Eta fundazioa Eusko Jaurlaritzaren baitan erregistratzeko eskaeraren aurrean, Emakundek kontrako iritzia eman duela. Erabaki honi helegitea aurkeztu diote alarde baztertzailearen agintariek. Baina hurrengo alardea antolatzen hasi orduko, datozen hilabeetan argitu beharko dutela epaileek egoera.

Udalbatzan bertan koalizio abertzaleak herriarena den ondarea esku pribatuetan utzi izana leporatu zion udal gobernu jeltzaleari. Baina EH Bilduren ustetan, orain artean egindakoa legezkoa izan den ala ez den izan eztabaidatu baino, "gatazka zaharretan sakontzeko asmorik gabe, aurrera begiratuz gero abagunea aprobetxatu daiteke orain, 1996a arte bezala, udalak herriarena den alardea antolatu eta berreskuratzeko". Eta horrek, ezbairik gabe, alardearen gatazkan fase berri bat zabalduko luke.