Udalak «behingoz zezena adarretatik hartu» ondoren, gatazkaren amaiera aurreikus daiteke

Antxeta Irratia 2022ko urr. 31a, 00:00

Urriaren 27an udalak ISS enpresako gerentea eta langileen ordezkariak bildu zituen udal areto nagusian. Lan gatazka hasi zenetik aurreneko aldiz bitartekaritza lanak egin zituen, akordiora hurbiltzen dituen erdibideko proposamen bat luzatuz.  

Aterabide eskaxak zituela zirudien unean, hain justu, joan den ostiralean hasi ziren gauzak mugitzen Hondarribiko udal bulego eta eskoletako garbitzaileen lan gatazkan. Urtarrilaz geroztik hamargarren negoziaketa bilera egin zuten Donostiako PRECOn, eta aurrekoetan ez bezala, enpresa eta langileen arteko jarrera eraikigarriagoa izan zen. ELA sindikatuak azaldu duenez, "proposamen zehatzetan oinarritu zen negoziaketa, eta aztertzeko moduko proposamen serio bat" dute azkenik mahaigainean.

Goiz hontan, Goizean Goizetik irratsaioan garbiketaren gatazkan aurrerapausoak aitortu ditu Xabier Etxanizek, ELA sindikatuko ordezkariak. "Orain otarre bat egiteko zuntzak dauzkagu, eta azaroaren 3ko PRECOko hurrengo bileran lan-gatazka amaitutzat emateko aukerak daude", iragarri du. Baina ohartarazi du ere, "beste 5 hilabete eutsi" dezaketela greban, ez dutelako asetuko ez dien hitzarmenik sinatuko. "Kale asko txupatu dugu, eta borrokak ekarri digu negoziaketaren puntu honetara", argitu du Etxanizek. Izan ere, azken proposamenaren hainbat klausula zehazteko daude oraindik, eta zortzi hilabeteotan negoziaketak aurrera eta atzera nola egin duen jakinda langileak ez dira fido.

Udalaren bitartekaritza giltzarri

Halere, proposamen hori nola gauzatu den ikusirik, oraingo honetan baikorrak dira. Ostiraleko 11:30etako PRECOko bilera, aldez aurretik bideratua izan baitzen. Goizeko 9etan deitu baitzituen udalak ISS enpresa eta langileak. Aurreneko aldiz enpresako gerentea bera hurbildu zen bilerara, orain artean Giza Baliabideetako departamenduko arduradunek eraman baitute negoziaketa, eta bilera gehienetan telematikoki PRECOra bertaratu gabe. ELAko ordezkariak dioenez, "udalak behingoz zezena adarretatik hartu du, eta baieztatu egin da hilabeteotan ukatu dutena, bitartekaritza lana egiterik bazutela". Orain artean, negoziazioa enpresa eta langileei zegokiela errepikatu baitu hamaika aldiz alkateak. Baina urriaren 27an aurreneko aldiz hartu dute parte, bi jarreren arteko erdibideko proposamen bat eginez.

Haatik, ezin ahantzi daiteke, udal osoko bilkuran ISS Facility Services enpresari kontratua urtebete luzatu eta biharamunean deitu zituela udal gobernuak negoziatzera. Erabakia "kondena bat bezala bizi" dute langileek. Negoziaketaren atean zirrikitu berri bat ireki bada ere, "ez baitugu oraindik ulertzen zergatik aurreratu duten urrira kontratu luzapenaren erabakia, abenduan egin zezaketenean, eta negoziaketa bete-betean gaudenean", dio ELAko ordezkariak.

Anartean, gaur 167. greba eguna bete dute garbitzaileek. Eta Talaia eskoletan joan den astean Eusko Jaurlaritzak agindutako desinfekzio orokorra egin ondotik, zerbitzu minimoetara bueltatu dira berriz ere. Eskoletan ez ezik, Loraitz haurreskolan, Udal Prebentzio Komunitarioko bulegoetan, edota joan den astean berrideki duten Kasino Zaharra adinekoen egoitzan ere.