Ipar Euskal Herriko Borrokak aztertuko dituzte Baleak elkarteko solasaldi ziklo berrian

Antxeta Irratia 2022ko urr. 31a, 00:00

Iaz antolatutako 'Gatazka eta Memoria' zikloak piztutako interesaren haritik, aurten Iparraldean eraman dituzten, euskal kulturaren aldeko kolektiboen, ikastolen edota egungo etxebizitza arazoari buruzko borroketaz adituak gonbidatuko dituzte azaroko ostegun guziz. 

Baleak elkarteko ordezkariek aipatu dutenez, Hendaiak hanka bat Iparralden eta bestea Hegoaldera begira badu ere, joan den urtean euskal gatazkari buruzko zikloari segida emateko, aurten begirada Ipar Euskal Herrian zorrozteko beharra sentitu dute. Horiek hala, azaroko ostegun guziz, 18:30an adituak gonbidatuko dituzte giro lasaian solastatu eta gure historiaz jabetuz etorkizuna irudikatzeko.

Aurreneko hitzordua Txomin Poveda soziologoaren eskutik izango dute, azaroaren 3an. "Iparraldeko borroka alternatiboak" aipatuko ditu, gaiari buruz egina duen tesia Baleak elkartera ekarriz. Azaroaren 10ean, aldiz, Iparraldean puri-purian den "Etxebizitaren arazoa" aztertzeko ALDA kolektiboko Xebax Christy gonbidatuko dute. Bereziki kostaldeko herrietan azken urteotan turistifikazioaren ondorioz ematen den problematika aztertuko du, Hendaia zuzen-zuzenean hunkitzen duena.

Azaroaren 17an "Euskal kultura vs Frantses kultura" izango dute hizpide, eta horretarako euskal kultur adierazpide esanguratsu zenbaitzuk ekarriko dituzte adibide gisa, baita euren ibilbidean izan dituzten zailtasunak aztertzeko. EHZ Festibaleko antolatzaileak diren Irati Fernandez eta Ainhoa Dubrana hendaiarrak batetik, eta Mattin Irigoien antzerkigilea bestetik.

Zikloa bururatzeko, "Hezkuntza belaunaldi berrien borrokaleku" izeneko solasaldia emango du Peio Jorajuriak, Seaskako lehendakariak. Iparraldeko ikastolek historikoki eraman duten borroka eta militantzia, eta egungo erronkak eta mehatsuak aipagai.