Amua In Edit erakundearekin elkarlanean, Hondarribiko Udalak "Emakumeak musikaren industrian: genero-desberdintasunak hautsiz" izeneko zikloa antolatu du. Azaroko ostegun guziz (3an, 10ean, 17an eta 24an) Kultur Etxean musikaren industriako emakumeei buruzko film-dokumentalak proposatuko dituzte.
Gotzone Larrarte, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasun zinegotziak nabarmendu duenez, "jazzaldian hurrengo urtean egin nahi dugun bezala, kultur agendako hitzorduak erabili nahi ditugu emakumeari bere lekua eta protagonismoa eskaintzeko". Izan ere, emakume artista, ekoizle, konpositore eta banatzaileen ekarpena debaluatua izan da beti, eta askotan, hauek garatutako lana itzalean izkuturik gelditu izan ohi da, bigarren plano batean. Baina sektorean arakatuz gero, "musika eraldatu duten emakumeak erraz topa daitezke" Ernesto Toledo, AMUA In Edit-eko zuzendariaren arabera.
Emakume artisten lana aldarriaktzeko lau proiekzio
Hori dela eta, abenduaren 8, 9 eta 10ean Hondarribiko Itsas Etxean egingo den jaialdirako beroketa gisa, egoera hori ikusaraztea proposatzen dute, eztabaida sustatuz 4 musika-dokumentalen proiekzioarekin. Azaroaren 3an "Mathangi | Maya" dokumentala proiektatuko dute, bi hamarkadetan zehar egindako etxeko bideoek M.I.A abeslari eta musikagilearen bizitza erakusten duena, lehenik Sri Lankako gerratik ihesi Londresen errefuxiatu gisa, eta gero posizionamendu politikoak onartzen ez dituen negozio batean izar gisa.
Azaroaren 10ean, "Sisters with transistors" lanarekin, BBCko laborategietan etorkizuneko soinuak sortzen zituzten 70 hamarkadako aitzindari elektronikoei omenaldia. "Underplayed" filmarekin, aldiz, azaroaren 17an DJ munduaren islada ekarriko digu. Gaur egun munduko 100 Dj ospetsuenen artean 3 baizik ez dira emakumeak. Beren kasu pertsonalak azaltzen ditu lan honek, erreferente eza, soldata-arrakala, familia-kontziliazioa...
Eta zikloa bururatzeko, "Amazing Grace" dokumentala proiektatuko dute. 1972ko urtarrilean, Aretha Franklin handiak bi egunez gospel kontzertuak eskaini zituen Watts-eko (Los Ángeles) Bautista Misionera New Temple elizan.