Osasun Bidasoa plataforma azaroaren 3an bilduko da Bidasoa Ospitaleko gerentziarekin kirofanoen eraberritze proiektua aztertzeko. Baina osasungintza publikoaren gainbehera salatzen dute, orohar, eta eskualdeko anbulategietan bereziki. Azpiegitura zahar eta eskaxekin batera, 49 mediku dira 100.000 biztanleentzako.
Joan den ekainean Osasun Bidasoa Plataformak Irunen hirugarren anbulategia aldarrikatu zuen, onartezinak diren hilabeteetako itxaron-zerrendak murrizteko. Egun berean baikorki baloratu zuten Eusko Jaurlaritzak Bidasoko Ospitaleko kirofano-gunearen eraberritze proiektua geldiarazi izana. Hilabeteetako mobilizazioen ondotik, mahai baten bueltan etorkizuneko beharrak asetuko dituen proiektu egokiago bat adosteko hitzartu ziren uda ondotik. Eta lehen bilera hori azaroaren 3an egingo dute plataformakideek ospitaleko gerentziarekin.
Aldiz, duela 30 urte eraikitako ospitalea zaharkitu eta txiki xamarra geratu bada ere, "oraindik ere duina" dela diote Osasun Bidasoatik. Baina ospitalera heltzen diren pertsona gehientsuenek, Lehen Arreta dute Osakidetzaren atari. Eta anbulategien egoera "lotsagarria" dela salatu du plataformakidea den Maria Jesus Bolaños doktoreak. Irungo Hirierdiko anbulategiko medikua da. Osakidetza osoan paziente gehien dituen zentroa, 38.300 zehazki. Eta 1959an eraikitako eraikinak zaharberritze integrala behar badu ere, Behe Bidasoa eskualdeko osasungintza publikoaren premia gorriena giza-baliabideak direla nabarmentzen du. "Duela 10 urtetik Oinaurren aurreikusitako Irungo hirugarren anbulategiak egoera arinduko luke, baina epe laburrean medikuen falta nabaria dago, eta erdia baino gehiago ez du lanpostu finkoa, baldintza lotsagarriak dira", kexu da Bolaños. Izan ere, eskualdean 49 mediku eta 10 pediatra daude gaur egun 100.000 biztanleentzako. "Kontuan hartu behar da oso ezaugarri berezia duela eskualde honek, geroz eta adindu gehiago dago, eta Hondarribia eta Irungo biztanleez gain, Bortzirietako 13.000 lagun eta beste 4.000 mugazgaindiko langile ere artatu beharretan gara", argitzen du medikuak.
Dunboako osasun zentroaren kasuan, aldiz, 1980koa da, eta azpiegitura arazo beretsua du jasotzen dituen 32.000 biztanleei zerbitzua emateko. Horiek hala, mediku bakoitzak 1.550 paziente ditu bere kargu batez bestean. Eta egunero 50 artatzeko agenda betea dute. "Jendearen haserrea ulergarria da, hitzordu bat lortzeko zailtasunak daudelako, baina gainezka gabiltza, 7 orduko kontsulta lanaldian, 5 minutu ditugu pertsona bakoitzarentzat", dio medikuak, "pentsa adineko pertsona bat esploratu behar baldin badugu, arropa kendu orduko...".
Itxaron-zerrenda luzeak
Osasungintza sistema publikoaren gainbehera ezin estali daitekeela uste du Bolañosek. Gainezkatuak dabiltza, medikuen faltagatik. Eta hau osasun agintarien planifikazio eskaxaren ondorio dela dio Bolañosek. "Duela urte asko abisatzen datoz medikuen elkarte desberdinek, jubilatzeko zeudenak ordezkatzeko aurreikuspenik ez zegoela", azaldu du. Eta orain Eusko Jaurlaritzak inoiz egin den OPE lanpostu deialdi handiena abian jarriko badu ere, "mediku horiek urteak beharko dituzte formakuntzan eta esperientzia lortzeko".
Gauzak horrela, une honetan ospitaleko kirofano-eremua berritzeko beharra hor badago ere. Premia handiena mediku eskaxaren ondorioz luzatzen doazten itxaron-zerrendak arintzea da. Une honetan, OSI Bidasoan 234 egun behar dira traumatologian belauna bat operatzeko, edota 125 egun urologia eta ekografia baten egiteko, adibidez.
Zentzu honetan, Irungo hirugarren anbulategiak gauzak arinduko lituzke. Udalak 1.000 metro koadroko eremua du erreserbatua Oinaurren horretarako aspaldi. "Baina asmoa besterik ez da, aldiz, beharra argi eta garbi, espezialista batzuk jarriko lituzkete bertan, ospitaleko kontsultak libratzeko", dio.