LAB sindikatuaren ekimenez, Ipar zein Hego Euskal Herriko makina bat kolektibo mobilizatuko dira azaroaren 1ean, mugan sei hilabetez luzatuko dituzten "kontrol polizial arrazista eta ilegalak" salatzeko. Irungo Ficobatik eta Hendaiako tren geltokitik abiatuko dira 18:30ean.
Frantses estatuak mugetako kontrolak bere horretan mantentzeko erabakia hartu du azaroaren 1etik goiti, eta beste sei hilabeteko epealdi horrekin batera, egun hori hautatu du LAB sindikatuak Ipar zein Hego Euskal Herritik "mugen itxiera eta kontrol polizial arrazista eta militarizatua" salatzeko. 'MUGAK APURTU, ZUBIAK ERAIKI' lelopean sindikatu abertzalearen iniziatibara dozenaka kolektibo batu dira. Bizi!, Attac, La Cimade, Bidasoa Etorkinekin edota Irungo Harrera Sarea, SOS Arrazakeria, EHUN mugimendua edota Ongi Etorri Errefuxatuak ez ezik, Hendaiako CGT sindikatua edota Euskal Herriko Berdeak eta EH Bai alderdi politikoek ere bat egiten dute. Arratsaldeko 18:30ean Irungo Ficobatik eta Hendaiako tren geltokitik bi zutabetan abiatuta, mugan elkartzeko xedea dute, migratzaileen askatasunez mugitzeko eskubidea aldarrikatzeko.
Eñaut Aramendi, LABeko ekintza sozialerako ordezkariak azaldu duenez, "kontrol horiek arrunt ilegalak dira, momentu batean izango da aukera Europan politika migratorio horiek egiten dituzten agintariak kondenatuak izateko, baina horretarako mugak irekitzea eskatzen duten hemengo agintariek beste urrats bat eman beharko dute horri begira". Izan ere, mementukotz, frantses estatuak bere horretan jarraitzen du. Eta 2021eko urtarrilaz geroztik 5.683 migratzaile hil badira Europara heldu nahian, horietatik 9 gutxienez, Irun-Donibane Lohitzune artean hil direla oroitarazi du Aramendik.
Agintariak mugiarazteko garaia
Mugen itxiera indarrean denez geroztik, Bidasoa ibaiaren bi ertzeetan eta Baionaraino mobilizatu diren militante eta herri eragileen lana txalogarria bada ere, eta sarean lan eginez migratzaile askoren bizitzak salbatu ahal izan direla ahantzi gabe, "herri mugimendu antolatuaren lana ez da aterabidea" bere ustetan. "Agintariek beharko lukete mugiarazi eta frantses estatua estutu", dio.
Helburu horrekin, "hurrengo 6 hilabeteetan aurrera begira egin beharrekoa ongi aztertu beharko dugu kolektibo guztiok", argitzen du. Eta beraz, azaroaren leheneko mobilizazioa hurrengo hilabeteetarako borrokaren abiapuntu bat besterik ez da. Jakinik, Ipar eta Hego Euskal Herriko migratzaileen eskubideen alde ari diren kolektibo guztiek indarrak batu dituztela.
Mobilizazio honetarako ere, agintariei deia luzatu die Aramendik Antxeta Irratian. Migratzaile bat Bidasoa ibaian ito egin den bakoitzean elgarretaratzeetan parte hartzeaz haratago, agintariek ere gehiago egin dezaketela uste dute ekimenaren antolatzaileek. Eta beraz, azaroaren 1eko mobilizaziora batzeko deia luzatu diete. "Aurrera begira ere elkarrekin egoera aldatzeko nola egin ikusteko inplikatu nahi badute ongi etorriak dira denak", dio LAB sindikatuko ordezkariak.