Via Irun proiektuak 1936-1942 urtealdian Irunen izandako bost kontzentrazio-esparruetatik zutik iraun duen bakarra eraistea aurreikusten du. Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak 'Pequeña Velocidad' babestu, eta Oroimen Gune bilakatzeko eskaera aurkeztu du Irungo udalbatzan eta Espainiako Memoriaren Bulegoan.
Gaurko Irungo udalbatzak Via Irun proiektua izan du hizpide, hirigintza planaren aurreko onarpena eztabaidatu baita. Eta tren geltoki berria eta 33.000 metro koadroko inguruko hirigintza plana barnebiltzen duen Via Irun giltzarri da horretan. Baina udal talde politikoen hiri-eredu desberdinen eztabaidetatik haratago, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak hitza hartu du udalbatzan Aduana eraikinaren atzean dagoen 'Pequeña Velocidad' pabilioia eraistea aurreikusten duelako tren geltoki berriaren eraikuntzak. Zehazki, tren geltokia eta Sebastian Errazu kalearen arteko hiri pasabide berriaren baitan (6,2 milioi euroko inbertsioa), "desafektaturiko lurren inguruan, pasarela eraikitzeko beharrezkoak diren tren pabilioiak eta biltegi nagusia" eraitsiko direla dio eraikuntza proiektuak.
"Hau hoztasun horrekin aipatzea ere, frankismoak errepresaliatutako milaka lagunen memoriari faltatzea" dela deritzo Peli Lekuonak, Kepa Ordoki elkarteko kideak. Izan ere, 1936-1942 artean Irunen izan ziren 5 kontzentrazio esparruetako bat izan zen Pequeña Velocidad izenarekin ezaguturikoa. Artxibo ofizialen arabera, gutxienez 3.971 "gizonezko errepublikar" sailkatzeko baliatu zuten eraikina. "Zutik geratzen den bakarra da, eta memoriaren izenean eraikina babestu beharra dago, garaiz gaude oraindik, ADIFek proiektua aldatu, eta hirigintza garapen horrekin bateragarri egiteko", dio Lekuonak. Gogoan hartu beharbaita gainera, Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euroko laguntza eskaini duela Aduana eraikina zaharberritzeko. Eta kontzentrazio-esparrua izan zena bere horretan barneratu daitekeela.
Errepresio frankistaren abiapuntu
Zentzu honetan, Madrilen onartu berri duten Memoria Demokratikoaren Legea oinarritzat hartuta, eraikina babestu beharra dagoela aldarrikatzen du elkarte memorialistak. Ez soilik babestea, Frankismoaren Biktimen Memoria Zentroa bilakatzea baizik. "Euskal Herriko eta espainiar estatuko aurrenekoa izango litzake", gaineratzen dute elkartetik. Gainera, eraikina dagoen moduan uztea nahi dute, garai hartatik atea eta bi leiho tapiatzeaz gain, egitura osoa berdin aurkitzen baita. "Bere horretan mantentzea alegoria bat da, 80 urtez herri honetan egon den ahaztura eta utzikeriari buruz", nabarmentzen du Peli Lekuonak, "eta eraikin hori garrantzitsua da, ez soilik Irun hiriaren historian, espainiar estatuko oroimen historikorako ere".
Izan ere, 1939. urteko erretiradaren ondotik, milaka soldadu errepublikar Frantziara ihes egin zuten Herri Katalanetatik. Eta hiru aukera eman zitzaizkien: II. Mundu Gerrara soldadu joatea, bortxazko lanak egitea ala Espainia frankistara itzultzea Irungo muga gurutzatuz. Avenida Zubitik sartu ziren milaka soldatu horien gehiengoa Pequeña Velocidad pabiloitik iragan ziren. Eta ondoren, Miranda de Ebro, Cardena edo La Magdalena bezalako kontzentrazio-esparruetara eramanak, eta kasu askotan han hil zituzten. Hortaz, "eraikin hau milaka pertsonek pairaturiko errepresioaren abiapuntua" zela azpimarratzen du elkarte memorialistak.
Zentzu honetan, oroimenerako sentsibilitatea duela adierazi du alkateak udalbatzan, eta "akordio batera" helduko direlakoan dago. Baina Kepa Ordoki elkarteko kideeek diotenez, afera honi buruz 2018an ohartarazi zuten aurreneko aldiz. Eta orduz geroztik, Via Irun proiektua bera udalbatzan onartzera eman arte lau urte itxaron behar izan dute alkatearen deia jasotzeko.