Udal Gobernuaren azalpenek ez dituzte Talaiako gurasoen kezka eta haserrea baretu

Antxeta Irratia 2022ko urr. 27a, 00:00

Eskoletako garbitzaileek 164 greba egunetan pilatutako zikinkeria garbitzeko bi egun eman dituzte, eta gaurdanik zerbitzu minimoetara itzuli diren bitartean, gurasoek "muga non ote dagoen" galdegin diote Udal Gobernuari erantzun garbirik gabe. 

Atzo 18:00etan Bordari eskolako gimnasioan egin zuten Talaiako guraso elkarteak alkateari eskatutako bilkura garbiketa grebaren afera argitu nahian. Talaiako 80tik gora gurasok izan zuten aukera, Txomin Sagarzazu alkatea, Kalixa Silanes Hezkuntza udal ordezkaria eta Juan Mari Altuna 'Txisun' alkateordearekin biltzeko. Lan gatazka zertan den eta udalak zer nola bideratzeko asmoak dituen argitu nahi zuten. Eta luzaz hitzegin bazuten ere, "bilerak ez zuen gauza handirik argitu" Karol Sainz de Vicuña guraso elkarteko kidearen arabera.

Udal ordezkariek orain arte mantendu duten diskurtsoari heldu zioten, "aterabidea enpresa eta langileen arteko negoziaketan oinarrituz", eta hainbat gurasok osasun arazoak izan dituzten ikasleen kopurua handia izanik, "muga non ote dagoen" leporatu zieten udal gobernu kideei. Nolanahi ere, bileran bertan, udalari bitartekari lanak egin ditzala eskatu zioten beste behin ere gurasoek. Eta hala egingo dute urriak 27 hontako udalbatzan ere.

Bestalde, Talaiako irakasleek beren partetik, "udalak deus egiten ez duela ikusita, Eusko Jaurlaritzari babesa eskatzeko" eskutitza idatzi dute. Diotenez, higiene falta eurek ere pairatzen dute, eta langile diren heinean eskubideak dituztela aldarrikatzen dute.

Udalbatzan gaia puri-purian

Anartean, jakina den bezala, udalbatza denboran garbitzaileen aldarrikapen leloek oihartzun izango dute. Grebalariak Kale Nagusian mobilizatuko baitira plenoaren denboran. Arantza Amunarriz, langileen ordezkariak iragarri duen bezala, ez baitute amore emango. Eta urriaren 28an ISS enpresarekin PRECOn hamargarren bilera izango badute ere, ez dute itxaropenik enpresak "azken proposamena" izango dela iragarri baitie.

Oposizioko Abotsanitz udal taldeak bere partetik, udal gobernuak proposatu eta plenoan onartzera eramango duen garbiketa kontratuaren urtebeteko luzapenaren kontrako mozioa aurkeztuko dute ere. "Ematen ari ez den zerbitzua dela ikusita, eta negoziazio baten erdian daudela, udalak enpresa saritu beharrean, hau salatu beharra dago", dio Igor Enparanek. Horregatik, botu partikularra egingo du, gaia eztabaida dezaten.