Irungo emakumeen %15ak atzerriko jatorria duela, eta emakume etorkinen laurdena biolentzia matxistaren biktima izan dela aintzat hartuta, kanpaina 5 hizkuntzatan egingo dute, frantsesa, errumaniera eta arabiera barne.
Genero indarkeria eraso fisikoetatik haratago doa. Mezu hori helarazi nahi die Irungo Udaleko Berdintasun arloak Irungo 33.000 bat emakumeei. Biolentzia matxistak aurpegi asko ditu, eta azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, 'Maitatzea ez da kontrolatzea' lelopeko kanpaina burutuko du udalak azaroaren 7tik aurrera. Miren Etxebeste, Udaleko Berdintasun ordezkariak azaldu duenez, "iaz neska gazteei zuzendu genuen, baina aurten helduengana zuzenduko dugu mezua, oraindik ere genero indarkeriaren aurreneko adierazpideetan arreta jarri behar delako". Izan ere, emakume askok oraindik ere ez dituzte hainbat ekintza edo jarrera eraso matxista gisa detektatzen. Eta heldun artean eman ohi diren "indarkeria psikologikoaz, ekonomikoaz eta bikarioaz" ohartarazi nahi dute.
Kanpainaren azaroaren 7tik 28ra bitartean burutuko dute bereziki kalean: kartelak jarriko dituzte autobus markesinetan eta bide publikoko beste elementu batzuetan, baita saltokietan eta udal bulego eta zerbitzuetan ere. Era berean, ikastetxeetan eta osasun etxeetara zabalduko dute kanpaina OSI Bidasoarekin elkarlanean. Bestalde, 12 orrialdeko gidaliburu bat plazaratuko dute indarkeria mota desberdinen berri eman eta detektatzeko informazioekin. Eta genero indarkeriaren biktimek eskura dituzte laguntza-baliabideen berri ematen duena ere.
Kanpaina Irunen erabilienak diren bost hizkuntzatan
Berrikuntza nagusia, aldiz, kanpainan erabiliko dituzten 5 hizkuntzak dira. Etxebestek azaldu duenez, "Udalak iaz adin guztietako emakumeen artean egindako inkestak agerian utzi zuen, emakume migratzailea izatea oso arrisku faktore esanguratsua dela". Izan ere, atzerriko jatorria duten Irungo 4 emakumetik 1 biolentzia matxistaren biktima izan da inoiz. Eta Irunen emakumeen %15a inguru etorkina dela aintzat hartuta, hirian hitzegiten diren bost hizkuntza erabilienak erabiliko dituzte kanpaina egiteko. "Emakume etorkin horiengana mezua heldu dadin nahi dugu", argitu du zinegotziak. Horiek hala, euskaraz eta gazteleraz ez ezik, frantsesez, errumanieraz eta arabieraz ere banatuko dituzte kartel, eskuorri eta gidaliburuak.