EAJk 20 milioi euroko zuzenketa aurkeztuko du Madrilen, trenbideak estali eta asmo handiagoko Via Irun posible egiteko

Antxeta Irratia 2022ko urr. 26a, 00:00

Irungo jeltzaleek diotenez, "alkateak uko egin dio trenbide eremuen albo bietan dauden auzoak lotzeari", eta "epe luzeko perspektibarik gabe" ari da etorkizuneko Irun eraikitzen. 

Urriaren 28 honetan Irungo Hirigintza Plan Orokorraren Aldaketaren Lehen Onarpena bozkatuko da udalbatzan. Eta horrekin batera, planak berak dioenaren arabera "trenbide eremuak okupatutako espazioa berreskuratzeko Irun hiriak izango duen aukera garrantzitsuena"ri abiada emango zaio. Via Irun proiektua da horretan giltzarri. Baina Jose Antonio Santano alkateak "trenbideen albo bietara dauden auzoak elkarlotzeko aukerari uko egin dio" EAJren arabera. Udal Gobernuak aurrera eraman nahi duen Via Irun hirigintza proiektua "eskaxa eta anbizio gutxikoa" da EAJ udal taldearen arabera. Kontuan hartu beharbaita, XX. mendeko hirigintza okerraren herentziaren ondorioz, hiria bitan zatitzen duen trenbidearen zauriari aterabideak bilatzeko erronka zuela hastapenean. Hamar futbol zelai haina eremu hirierdiarentzat berreskuratuz.

Trenbideen estaltzeko beharra

Baina horretarako trenbide eremuaren parte bat estali beharra dago. EAJ alderdiak jakinarazi duenez, proiektuaren erredkaziorako aurten lortutako milioi euro bateko diru partidaren ondotik, espainiar estatuko 2023ko aurrekontuetarako 20 milioi euroko zuzenketa bat aurkeztuko duela iragarri du, estaltze lan horiek gauza daitezen. "Zor historiko bat dute Madrilgo erakundeek Irun hiriarekin, eta aukera hau aprobetxatu beharra dago orain, epe luzerako perspektibarekin lan eginez, eta erakundeen arteko akordioak bultzatzeko lidergoa erakutsiz", nabarmendu du Xabier Iridoy jeltzaleak.

Zentzu honetan, ADIF eta Espainiar Gobernuarekin adostutako 72 milioi euroko inbertsioa eskatuko duen tren geltoki berriaz haratago, diotenez Udal Gobernuak une honetan, Via Irunek eskaintzen duen hiri eraldaketarako eremuaren %20aren gainean baizik ez ditu proposamenak egiten. "Ikuspegi orokor bat behar da, faseka egingo bada ere, hirierdi osoaren bukaerako argazkia zein nahi dugun aurreikusi behar da, dena lotua dagoelako", dio Iridoyk. Hiri eredu erabat desberdinak planteatzen dituzte batzuk eta besteek.

Baina kasu honetan, EAJk proposatzen duen Via Irun 2030 proiektua, "osatuagoa" dagoela uste dute. "San Miguel auzo eta Pio XII.aren plazaren arteko lotura aurreikusten dugu, tarteko trenbidea estaliz, autobus geltoki berrirako sarbide zuzena Anaka kaletik Pasionistatik pasa beharrik gabe, baita Landetxatik Plaiaundira bitarteko korridore berdea osatzeko aukera ere", azaldu du EAJko bozeramaleak. Izan ere, punta-puntako tren geltoki berriaz gain, eremu horretan eraikiko diren 240 etxebizitzak eta jarduera ekonomikotarako espazio berriak ezin dira inguruko hirigintza planteamenduetatik deslotu. Eta haien ustetan, "Irungo hiriaren etorkizuna jokoan dago, ostiralean zer onartzen den, baldintza dezake hurrengo belaunaldien etorkizuna, hirigintza logikaz egin, baita mugikortasuna ere".