Kasino Zaharrak ateak zabaldu ditu, baina ralentian ariko da urtarrilan kudeaketa aldatu bitartean

Antxeta Irratia 2022ko urr. 26a, 00:00

Pandemiak itxi zuen adinekoen egoitza berriz ere martxan da. Baina tabernarik gabeko zentro sozial gisa, eta memoria tailerra baizik ez dute bertan eskainiko momentuz. Kasino Zaharra elkarteak kudeaketa eredu berria plantan ezarriko du, egoitzaren lema 2023an hartuta.  

Bi urte zazpi hilabete eta hamar egun. Kasino Zaharreko juntakideek adinekoen etxea itxita egon den denbora azpimarratu dute aste honetan egin den berrirekiera ekitaldi xumean. Pandemiarekin batera itxi egin zuten beste hainbat zerbitzuekin bezala, baina gainerakoetan ez bezala, elkarteko 500 bat bazkideek ez dute zahartze aktiboa bultzatzeko egoitza fisikorik ukan orain arte. Joan den astean Abotsanitz udal taldeak adinekoen egoitzaren "berehalako irekiera" exijitu zuen, oroitaraziz Kasino Zaharra elkartearekin erabilera eta dirulaguntza hitzarmena ere ez zuela udalak izenpetua oraindik.

Urtarrila arte ralentian

Gotzone Larrarte, Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak joan den udan urriaren lehenean martxan egongo zela hitz eman bazuen ere, urriaren 24ra itxaron behar izan dute Kasino Zaharra eta Nagusilan elkarteek. Larrartek aitortu duenez, "prozaesu luzea izan da, baina garai berri bat abiatzera doa Kasino Zaharra". Pandemia bat pasa dugula, eta ondoren Kasino Zaharreko junta berritzeko barne-hauteskunde prozesua egitearekin batera, irisgarritasun hobekuntzak eta altzariak berritzeko lanak egiteko probestu dutela argudiatu du zinegotziak. Eta beheko solairuan areto erabilanitz bat ere egokitu dute.

Nolanahi ere, Kasino Zaharrak ez du 2023 arte berezko aro berri hori ehuneko ehunean abiatuko. Elkarteak urtarriletik aurrera hartuko baitu (diruz lagunduta) egoitzaren kudeaketa. Izan ere, ateak zabaldu berri ditu, baina memoria tailerra baizik ez da bertan eskainiko momentuz. Eta taberna zerbitzurik gabeko zentro sozial gisa baliatu ahal izango dute erabiltzaileek. "Ostatuak ez zituen Eusko Jaurlaritzak agintzen dituen arauak betetzen, eta behin hau konpondu egin dela, datozen hilabeteetan zerbitzua lizitatu egingo da", iragarri du Gotzone Larrartek.

Gainerakoan, azken hilabeteotan herriko adineko pertsonek Kasino Zaharretik kanpo eskura izan dituzten jarduerak bere horretan mantenduko dituzte. Soinketa Arraun Elkarteko instalazioetan eta Amute-Kosta auzo elkartean, estimulazio kognitiboa Mendelu auzo elkartean, yoga Txispum aretoan eta martxa nordikoa kalean berean. Podologia edota ileapaindegi zerbitzuak ere externalizatu egin zituzten, eta horrela jarraituko dute, bazkideentzat prezio merkeagoetan.

Kasino Zaharreko juntakideak pozik azaldu dira, adineko pertsonen egunerokoa eta sozializazioa oztopatu duen zerbitzuaren itxierarekin bukatu izanagatik. Baina kezka adierazi dute, bi urte eta erdiotan galdutako dinamikak berriz ere martxa hartzea zaila izango delakoan. Adibidez, Kasino Zaharreko antzerki taldeari segida eman ahal izango dioten ere zalantzan jarri baitute.

Horrekin batera, Hondarribiko udal bulego eta eskoletako garbitzaileen grebari dagokionez, Kasino Zaharra ere hunkitua da.

Gotzone Larrarte zinegotzia eta Kasino Zaharra juntako Pilirekin hitzegin dugu