Kontaiguzu Dakizuna saioak berriz ere bueltan dira Oiasson

Antxeta Irratia 2022ko urr. 26a, 00:00

Ostegun honetan (19:00etan) 1918ko pandemia eta II Errepublikaren arteko garaiak Hondarribian nolakoak izan ziren aztertuko du Aitor Puche historialariak. Eta gero, 1967an sortutako Bidasoako Jeitsieraren atzerabegirakoa egingo dute. 

Iaz arrakasta handia bildu zuen 'Kontaiguzu Dakizuna' ekimena bueltan da Oiasso Erromatar Museoan. Ikasturte hontako aurreneko saioa izango da ostegun honetan, 19:00etan ate zabalik. Aizpea Goenaga, museoko zuzendariak oroitarazi duenez, nahi duen orori irekita dagoen hitzaldi bikoitza proposatuko dute hilabetean behin. Zabalik entzule zein hizlari gisa. "Gai bati buruz asko baldin badakizu edo pasioa duzun zerbaiti buruz partekatu nahi baduzu, 20 minutuko solasaldi librea eskaintzen du ekimen honek", dio Goenagak. Gai aski interesgarriak eta anitzak jorratu izan zituzten iaz. Eta aurtengoan ere hala espero dute.

Aurreneko saio honetarako Aitor Puche historialariak bere burua eskaini du "Primo de Riveraren diktadura, 1918ko pandemia eta II Errepublika arteko Hondarribia" aztertuko du, "felices años 20 deitzen ziren haiek, ea hala ote ziren argituko digu" iragarri du museoko zuzendariak.

Bestalde, Santiagotarrak arraun elkarteko presidente ohia Javier Martinez Vesga izango dute bigarren gonbidatua. Pandemia ondotik berreskuratu duten 1967an sortutako Bidasoako Jeitsiera piragua kirol frogaren historiko bat egingo du.

Erlazionatuak

Kontaiguzu Dakizuna saioak berriz ere bueltan dira Oiasson

Antxeta Irratia 2022 urr 26 Behe Bidasoa