Urtero bezala, Lesakako Beti Gazte elkarteak Argazki Lehiaketa antolatu du. Partehartzaile bakoitzak hiru argazki aurkezten ahalko ditu gehienez eta lanak entregatzeko azken eguna urriaren 31a, astelehena, izanen da.
Lesakako Beti Gazte elkarteak Argazki Lehiaketa antolatu du aurten ere. Lanak aurkezteko epea datorren astelehenean, urriaren 31an, bukatuko da eta argazkilaritza maite duen edonork parte hartu ahal izanen du lehiaketan.
Amaia Telletxea Beti Gazteko kultur arloko arduradunak aipatu duenez, “leku askotatik jasotzen ditugu lanak, baita nazioartetik ere. Hala ere, elkarteko bazkideek parte hartze handiagoa izatea nahi dugu”. Helburu hau lortzeko, betiko sariez gain, bazkideentzat zuzendutako sari bat ere egonen da aurten. Hain zuzen ere, 250 eurorekin sarituko da bazkideen arteko argazki onena. Bertze sariak ere ez dira makalak. Lehenengo sarituari 400 euro emanen zaizkio, bigarrenari 300 eta kirol argazki onenak ere 250 euroko saria izanen du.
Beti Gaztek osatutako epaimahaiak aukeratuko ditu irabazleak eta elkarteak jakinaraziko ditu bere webgune eta sare sozialen bidez. Behin sariak banatuta, erakusketa bat jarriko dute azaroan lehiaketara aurkeztu diren lan guztiekin.
Lanak emailez entregatu beharko dira, argazkilaritza@betigazte.net helbidean. JPG formatuan egon beharko dira argazkiak eta zuri beltzean edo koloretan onartuko dira. Partaide bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahalko ditu gehienez eta gaia ere librea izanen da. Bidaltzen den emailean zehaztu beharko da zein den lanen gaia, baita egilearen datuak ere. Izenburuan “Argazki Lehiaketa 22” jarri beharko da.
Argazkiak aurkezteko azken eguna urriaren 31, astelehena, izanen dela zehaztu du Telletxeak eta horretarako informazio guztia, baita lehiaketaren oinarri guztiak ere, Beti Gazteko webgunean eskuragarri daudela, www.betigazte.net helbidean.