Arratsalde honetan egingo dute grebalariek Eusko Jaurlaritzak agindutako eskoletako desinfekzio orokorra. Zerbitzu minimoen kasuan, aldiz, 9 hilabeteko txandak inposatu dizkie enpresak. Eta negoziazio luze honetan errespetua falta izan dietela salatzen dute.
Arantza Amunarriz garbitzaileak bere etxeko leihoan idazten du greba egunen kontaketa, ez galtzeko. Gaur 163. Jende guztiak, greba egin du inoiz, gutxi-asko. Baina Hondarribiko udal bulego eta eskoletako garbitzaileen lan gatazka sobera luzatu den honen arte edo parte diren eragileen iritziak ezker-eskuin aditzera eman dituzten bitartean, agintari, sindikatu, Talaia eskolako irakasle, ikasle eta gurasoenak... Grebalarien aldarrikapen eta hitzek kaleko mobilizazioetan baizik ez dute oihartzuna egunerokoan.
Goiz hontan Kale Nagusian mobilizatu dira enegarren aldiz. Eta azken egunotan gatazka nola korapilatu den ikusirik, 12 grebalariek ez dute burua makurtzeko asmorik. Kontrakoa baizik. "Greba egitea oso gogorra da, ez pentsa, eskolak garbitzen baino lan gehiago eskatzen du, bilera etengabeak, mobilizazioak, kalean egotea... eta zeresanik ez desgaste fisiko eta mentalaz, baina honeraino iritsi gara eta dagoeneko ez dugu amore emango", dio Amunarrizek. Are gehiago, egunotan eman diren erabaki eta joakerak ikusita, "are gogorrago eutsiko diogu borrokari" ohartarazi du.
Emakume langile hauek Hondarribian bizi dira ere, ez dira aparteko burbuila batean isolatuak. Eta zenbait kasutan, greba pairatzen duten eskoletan dituzte euren seme-alabak ere. Baina lan baldintzak hobetzeko borrokan zenbait lerro gorri ezarri dituztela nabarmendu digu Arantza Amunarrizek. "Hasierako planteamendutik hona gauza asko kendu ditugu gure eskaeretatik, baina dagoeneko galdu egin dugun erosmen ahalmena ez gehiago galtzeko marra ez dugu pasako", argitzen du. Oroitaraziz, euren lan baldintzek 2011 urteko hitzarmenean oinarri dutela.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak agindu duen Talaia eskolako garbiketa orokorraren kasuan, "zerbitzu minimoekin hasieratik egin dugun bezala agindutakoa beteko dugu" aitortu du langileen ordezkariak. Halere, zerbitzu minimoen harira ISS enpresarekin epaiketa bat pendiente daukatela oroitarazi du. Izan ere, betebeharreko zerbitzu minimoak txandakatze sistema batekin egin behar dira, eta legez grebalarien artean antolatu daitezke enpresarekin adostuta. Baina abuztuaren 30eko greba mugagabearen deialdiaren dekretuari erantzunez, enpresak 9 hilabeteko txandak inposatu dizkio. "Horren arabera, greba luzatuko balitz ere, ikasturte osoa grebalari beretsuek bermatu beharko genituzke zerbitzu minimo horiek", dio. Eta horrekin, greba eskubidea urratzen ari direla salatzen dute.
Momentuz, urriaren 27ko udalbatza denboran Kale Nagusian mobilizatuko dira enegarren aldiz, udal agintariek euren aldarrikapenak zeintzuk diren "argi eta garbi presente" euki ditzaten.