Aritz Ganboa De Miguel gonbidatu du Baleak elkarteak ostegun honetan, 18:30etako solasaldira. Globalizazioaren logika apurtuz, Sakanako Arruazun aurrera daramaten herri lur komunalen gobernantza eredua aurkeztuko du Hendaian.
Hendaiako Baleak elkarteak Aritz Ganboa De Miguel gonbidatu du 'Herri Lurrak eta Gobernantza Ereduak' hitzaldia ematera. Elkarteak hileroko azken ostegunetan antolatzen duen solasaldian artzain, gaztagile eta lurraren defentsan zein jatorrizko herri edo herri indigenen lurraren defentsarako herri mugimenduetako militanteak, argi dauka "Euskal Herriak etorkizunik izango badu, globalizazioaren logika apurtuz beharko duela". Eta hori lurren kudeaketarekin erabateko lotura du bere ustetan.
Nafarroan, Sakanako Arruazuko herrian daramaten gobernantza eredua, eta basoberritzetik hasita, natur baliabideen kudeaketa jasangarritik pasa eta laborantza eta abeltzaintzara bideratutako herriko lur komunalen defentsaren eredua aurkeztuko du Hendaian. Ipar Euskal Herrian ez ezik, Euskal Herri osoan puri-purian den gaia izanik, landa eremuko herri txikiek beren baliabideetan oinarrituz egin behar dutela aurrera dio. Eta laborantzan eta abeltzaintzan oinarritutako jarduerak sustatzeko, lur komunalek erabateko garrantzia hartzen dutela. Eta horretan ere, gobernantza eredu sozial, ekonomiko eta politikoak. "Gaur egungo gizartean, modu pribatuan kudeatzen diren lurrak areagotu dira, inbertsio funts nagusiek lurra eskuratzen ari baitira Euskal Herri osoan, eta AHT edota beste hainbat makro-proiektuetarako ez denean, etxegintza edo ustiaketa masiborako bideratzen dira", azaltzen du Ganboak.
Zentzu horretan, oso interesgarria iruditzen zaio, Biriatu, Urruña eta Hendaia artean, eta Iparraldean orohar, nola kokatu diren lurraren aferari begira. "Bereziki, hor sortzen ari diren mugimendu eta planteamenduekin, eta lobby espekulatzaileei aurreginez, aldi berean zein burujabetza gutxi dagoen herritarrengandik hurbilen dauden gobernantza ereduetan, herriko etxeetan, agerian uzten duelako", argitzen du.
Nolahahi ere, erdigune horretan "laborariak eta lurra lantzeak elikaduran duen garrantzia", ez ezik, gizarte osoaren interesetan lurren gobernantza eta ustiaketa ereduak dituen ondorioetan sakondu beharra dago bere ustetan, herri baten kulturan eragina duelako: "Beti esaten dugu, herriek bizirauteko nortasuna behar dute, eta gure kasuan lurrari atxikita dago nortasun hori, eta lotura hori mozten den momentuan, bizimoduan, hizkuntzan eta gobernantza ereduan eragiten du, eta horrek eragiten du herrien desagertzea".