EAJ taldearen arabera, egungo kontratua lizitatzeko udalak iaz egindako lanaren ondorioz, kontratuak berme guztiak dituela argudiatzen du. Eta enpresaren eta langileen negoziaketak «lehenago berandu baino» akordioa ekarriko duela uste du.
Osteguneko udalbatzan Hondarribiko udal gobernu taldeak proposatuko duen ISS Facility Services enpresaren eskola eta udal bulegoetako garbiketa zerbitzuen kontratua luzatzeko proposamenaren zergatiak azaldu ditu gaur Txomin Sagarzazu alkateak. Aipatu duenez, joan den urtea hartu zuen udalak garbiketa zerbitzuaren lizitazioa lantzeko, eta legeak ahalbidetzen duenez, abenduan urtea bete baino bi hilabete lehenago erabaki dezake hau luzatzea. Kontratuaren arabera, gehienez jota halako lau luzapen erabaki ditzake.
Herrian eztabaida piztu duen erabakia da. ELA sindikatuak aurrez hartutako erabakia zela salatu du, grebalariak kexu dira, eta oposizioko udal taldeek ez ezik, Talaiako guraso elkarteak ere bere harridura adierazi du konforme ez dagoela jakinaraziz. Baina Sagarzazuren arabera, udal gobernua erabaki horren aldekoa da "legezkoa delako hori egitea, administrazioak zerbitzua eskaintzeko kontratu bat behar duelako, joan den urtean berme guztiak bete zirelako adjudikazio hori egiteko, eta ziurgabetasun egoeran gaudelako". Izan ere, negoziazio bete-betean dauden honetan, aurrerapausoak ematen ari direla uste du alkateak, "adierazten den ideia bestelako bada ere".
Zentzu honetan, bete beharrekoa bete eta udalari eta zerbitzuari segurtasuna emateko helburuarekin hartutako erabakia dela nabarmendu du. Ildo beretik, hilabeteotan esandakoa berretsi du Sagarzazuk. Gatazka negozioazioaren bidez konpontzen dela argudiatuz, eta hori enpresari eta langileei dagokiela. Negoziazio horren emaitza "lehenago berandu baino" nahiago dutela argitu du, eta akordiora helduko direnean, hitzarmen berriaren baitan lizitazioa aztertzeko prest daudela.