San Miguel izango da 2023ko alarde parekidearen 13garren konpainia

Antxeta Irratia 2022ko urr. 25a, 00:00

2023ko Irungo Alarde Publikoak San Miguel konpainia ere izango du. Bi alardeetan ibilitako hainbat auzokide batu ziren joan den abuztuan konpainia eratzeko helburuarekin. Haien asmoa "inor atzean utzi gabe, denok elkarrekin batera alardean desfilatzea" da. Eta konpainia berriaren kide den Iosu Bayo San Martinek azaldu digunez, auzokideekin hitz eginez, konpainia bat sortzeak behar bat estaliko zuela ohartu ziren. 

Hala, sekulan desfilatu ez duen jendea, alarde parekidean aritutakoak eta alarde tradizionalean auzoko konpainian parte hartzen duen talde batek ere parekidean desfilatzeko nahia batu dute. "Ilusio handiz ari gara, eta aste gutxiren buruan auzokide dexente batu zaigula ikusi dugunez, ez dugu zalantzarik lortuko dugula", dio Bayok. Behin konpainia publikoki aurkeztuta, Alarde Publikoaren Juntari eskaera luzatu eta desfilatzeko baimena lortu beharko dute. Horregatik aurkeztu dute orain ekimena, ekainaren 30erako etxeko lan guztiak eginak euki eta behar bezala gizarteratzeko.

Tamalez, hainbat jende auzoan ezarritako konpainiaren kartelak kentzen aritu da, jarri bezain pronto. Bayoren ustetan, "hori alarde parekidearen normalizazioaren seinale da, bide onean ari garela eta kezka dutelako". Nolanahi ere, "oso kontent gaude hain denbora gutxian hainbeste jende batu izanagatik", azpimarratzen du. Eta 2023ko alardea parekidearen azken konpainia gisa desfilatu beharko badute ere, ez dute zalantzarik atzetik haiek egindako bidea osatuko duten konpainia gehiago sortuko direla.

San Miguel konpainia berriarekin bat egin nahi duen orok, sanmiguelkonpainia@gmail.com posta elektronikoaren bitartez jar daiteke haiekin harremanetan, baita Facebook eta Instagram sare sozialetan ere.

Erlazionatuak