ELA gaitzaren kontra mendian indarrak batzeko deia egin dute Beñat Elzoren omenez

Antxeta Irratia 2022ko urr. 25a, 00:00

Azaroaren lehenean Beñat Elzoren omenezko mendi lasterketa antolatu dute haren lagun eta senideek. Pandemia ondotik berreskuratzen dute bere zazpigarren edizioa izango duen ekimenak. www.kirolprobak.com plataforman izena eman daiteke, eta dortsalak jaso eta izena emateko Kofradiaren Dendan ere egin daiteke (Txiplaun). 

Hiru aukera desberdin daude partehartzeko. Goizeko 9:00etan Talaia bidean zehar mendi-martxan oinez parte hartuz, 11:00etan mendi-lasterketan korrika edota 12:30etako haurrentzako lasterketan. Kasu horretan, Kirol Kaiako abiapuntuan bertan egingo da.

Hondarribiko Udalak, Sportmundik eta ekimenarekin bat egin duten herriko hamaika komertzio eta taberna desberdinek, parte hartzeko deia luzatu dute. Izan ere, aurrekoetan bezala, Beñat Elzo ohoratzeko lasterketarekin bilduko den dirua guztia, sozial arloko eragile bat laguntzeko bideratuko dute. Oraingo honetan, ADELA elkartea hautatu dute. Gipuzkoan ELA gaitza pairatzen duten gaixoak eta familiak laguntzen ditu. Nora Saez, elkarteko ordezkariak nabarmendu duenez, "Gipuzkoan urtero gaixotasun honen ondorioz hiltzen diren pertsonak badira, baina une honetan 40 bat lagun daude diagnostikatuta, eta elkartean horietatik 29 laguntzen ditu". Elkarteak oroitarazi duenez, oso gaixotasun garestia da hartu behazrreko tratamendu eta neurriengatik. Eta oraingo laguntza etorkizunerako ikerketa bezain ezinbestekoa da.