Atzotik asteazkenera bitarte grebara deitu dituzte Nafarroako zahar etxeetako langileak ELA, LAB eta UGT sindikatuek, euren hitzarmena eta baldintza duinak aldarrikatzeko helburuarekin. Horrez gain, gaur elkarretaratzea ere deitu dute, 18:00etan Elizondoko plazan.
Nafarroako zahar etxeetako langileen garrantzia aitortzea eskatu dute ELA, LAB eta UGT sindikatuek. Euren hitzetan, “urtebete baino gehiago” daramatzate hitzarmen bat egiteko eskatzen, langile guztiendako “lan baldintza duinak” eskaini dezaten.
Horretarako, eta Nafarroako Gobernuaren inplikazio eza salatzeko, atzotik asteazkenera bitarte grebara deitu dituzte zahar etxeetako langile guztiak. Gainera, karriketara ateratzeko deia ere egin diete, baita gaur, arratsaldeko 18:00etan, Elizondoko plazan eginen den elkarretaratzean parte hartzera ere. Azkenik, bihar ere, urriaren 26an, manifestazioa ospatuko dute Iruñean, 17:30ean Foruen plazatik abiatuta.