Espainiako Gobernuak bertan behera uztera behartu bazuen ere, Baztango Batzar Nagusiak Erdizko proiektuari buruzko herri galdeketa egitea erabaki du, herritarren iritzia entzuteko helburuarekin. Azaroaren 20an eginen dute eta Almandoz izanen da parte hartuko ez duen herri bakarra.
Baztango Batzar Nagusiak Erdizko proiektuari buruzko herri galdeketa antolatua zuen pasa den iganderako, urriaren 23rako, baina Espainako Gobernuak hau bertan behera uztera behartu zuen. Honi kontra egiteko, Baztango alkateek, Almandozkoa izan ezik, Iruritan elkartu ziren igandean bertan “baztandarren lurrak eta hauen kudeaketa bertako herritarren esku dagoela” aldarrikatzeko.
Horrez gain, Baztango herri guztietan galdeketa aitzinera eramatea erabaki dute datorren azaroaren 20an. Almandozen izan ezik, bertze herri guztietan herritarek euren iritzia ematera gonbidatu zituzten. Galdera “Erdizko bazkaleku komunalean okupazioa Magnari baimentzearen alde zaude?” izanen da.
Galdeketa honen helburua herritarren iritzia ezagutzera ematea dela ere azpimarratu zuten alkateek. Gainera, Nafarroako Gobernuari “UGEParen eskaerari erantzunik eman baino lehen, baztandarren iritzia entzun dezala” ere eskatu zieten.
Herri bakoitzak bere modura antolatuko du galdeketa eta Almandoz izanen da ekimenean parte hartuko ez duen herri bakarra.