Baztango Udalak, Malerrekako Mankomunitateak eta Bortzirietako udalek musikoterapia tailerrak antolatuko ditu, urtero bezala, genero indarkeria jasan edo jasatzen duten eskualdeko emakumeentzat. Tailerra doan izanen da eta anonimoa.
Urtero bezala, Baztango Udalak, Malerrekako Mankomunitateak eta Bortzirietako udalek musikoterapia tailerra antolatu dute genero indarkeria jasan edo jasaten duten eskualdeko emakumeentzat. Bortzirietako berdintasun teknikariaren oharrak aipatzen duen moduan, taile honen helburua “emakumeentzat sostenguzko espazio ziur eta sortzailea sortzea” da eta “parte hartzaileek emozioak modu eraginkorragoan kudeatzeko, isolamendu sozial eta emozionala gutxitzeko eta autoezagutza sustatzeko” balioko du.
Orain artean burutu diren tailerrek “balorazio hagitz positiboak” izan dituzte partehartzaileen aldetik, gaineratzen dutenez. Izan ere, “esperientzia aunitzek erakutsi dute musikoterapiak genero indarkeria jasan duten emakumeengan onura positiboak izan ditzakeela hainbat esparrutan: antsietatean, estresean, norberaren ahalduntzean, autoestimuan eta depresioaren murriztean, bertze hainbaten artean”.
Azarotik otsailera bitarte ospatuko da tailerra eta hamabi saio izanen ditu guztira, astero bi orduko saio bat. Tailerra doan eta anonimoa izanen da, baina izena ematea beharrezkoa izanen da. Horretarako, Haizea Loira musikoterapeutarekin harremanetan jarri beharko da, urriaren 26a baino lehen, 655 74 76 95 telefonoaren bitartez.