Berako 60 musikari baino gehiagori egindako elkarrizketak bildu ditu Banizu Nizuke argitaletxeko Pablo Salgadok “Bera” izenburua duen liburuan. Nafarroako herri txiki honetan musikak izan duen garrantzia eta musikaren sorkuntzan herriak izan duen protagonismoa azpimarratu nahi izan ditu bertan.
Banizu Nizuke argitaletxeko Pablo Salgado idazleak Bera izenburua duen liburua aurkeztu zuen pasa den larunbatean Berako Kultur Etxean, Estitxu Pinatxo musikaria eta Berako kultur zinegotzia lagun zuela. Liburuak Salgadok egindako 60 elkarrizketa baino gehiago biltzen ditu, musika aldetik Berak duen garrantzia azpimarratzeko helburuarekin.
Idazlearen hitzetan, “Bera da Euskal Herriko herririk interesgarriena” musikari dagokionez, eta horri arrazoitzeko bertako musikariek elkarren artean duten harremana, Isidoro Fagoaga Musika Eskolaren lana, udalak duen inplikazioa eta herrian izandako kultura musikala goraipatzen ditu.
Larunbateko aurkezpenaren ondotik, Rüdiger taldearen kontzertua ospatu zuten Ikuilu ostatuan. Igandean berriz, Lurraren Egunaren baitan, liburua lehen aldiz salgai jarri zuten Berako kaleetan. Hemendik aitzinera, herriko hainbat dendetan egonen da eskuragarri baita ere.