Alaia Martinek irabazi zuen Elizondoko finalaurrekoa

Antxeta Irratia 2022ko urr. 25a, 00:00

Elizondoko Baztan pilotalekuan ospatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoa eta Martin izan zen zuzenean bigarren itzulirako sailkatu zen bertsolaria. 

1.400 ikusle bildu zituen Bertsolari Txapelketa Nagusiak Elizondon. Lehen fasea bukatuta, pasa den larunbatean lehen finalaurrekoa ospatu zen Baztan pilotalekuan. Bertan izan ziren Unai Agirre Goia, Joanes Illarregi Marzol, Iñaki Apalategi Astigarraga, Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste eta Onintza Enbeita Maguregi. Gai-jartzaile lanetan, Amaia Castorene Luro ibili zen.

Saio guztia burututa, Martin izan zen lehen finalaurrekoaren irabazlea, baita bigarren itzulirako zuzenean sailkatu zen bertsolaria ere. Guztira, 729,5 puntu jaso zituen, bigarren postuan gelditu zen Illarregik baino 18,5 gehiago. Ondotik, Laburu (677), Agirre (652,5), Enbeita (639,5) eta Apalategi (623) sailkatu ziren.

Horrela, Martinek Amurrion kantatuko du azaroaren 19an eta bertze bertsolariak hurrengo finalaurrekoaren emaitzen zain geratu beharko dira. Hain zuzen ere, datorren asteburuan (urriaren 29an) jokatuko da kanporaketa hau Donibane Garazin. Jai Alai pilotalekuan ospatuko da, 17:00etan, eta bertan Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Amets Arzallus Antia, Asier Azpiroz Iztueta, Haritz Mujika Lasa, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran izanen dira oholtza gainera. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai.