Negoziaketa-mahaia "antzerki hutsa" bilakatu dela, eta garbitzaileak "umiliatu" nahi dituztela salatu du ELAk

Antxeta Irratia 2022ko urr. 24a, 00:00

Urriaren 27an onartuko den ISSrekin kontratuaren luzapena udalak enpresarekin aurrez erabakita zuela salatu du ELA sindikatuak, negoziazio mahaiak gelditua jarraitzen duen bitartean.   

Goiz hontan ISS Facility Services multinazioanalaren eta udal garbitzaileen arteko bederatzigarren bilera egin dute PRECOn. Ez da inolako aurrerapausorik eman. Izan ere, enpresak ez du proposamen berririk ekarri, eta ELA sindikatuak iragarri duenez, KPIaren eguneraketa kontuan hartuko ez duen, eta beraz, udal garbitzaileen erosmen ahalmena ez galtzea bermatzen ez duen akordiorik ez dute onartuko. Zortzi hilabete luzeko lan-gatazkaren ondotik, aldiz, "enpresak kontratuaren prorroga lortzeko jokatu duen estrategia" salatu du Xabier Etxanizek, ELAko ordezkariak. "Konstatatzen ari gara, hasieratik esandakoa, propio luzatzen utzi dutela negoziazioa, ea grebalariei sukarra pasatzen ote zaien, baina lan baldintza duinak behar dira, eta ez dute burua makurtuko", argitu du.

Zentzu honetan, "utzikeria" eta "enpresaren interesak defendatu" izana leporatu dio udalari. Izan ere, urriaren 27an udalbatzan onartuko den kontratuaren urtebeteko luzapenak azaroa edo abendura itxaron zezakeela uste du. "Lehenbailehen segurtatu nahi izan dute prorroga, eta horrek agerian uzten du udalak ez duela esleipen berririk egiteko asmorik inoiz izan, eta neurtutako estrategia bat jarraitu dutela, kontrakoa esan badu ere", dio Etxanizek.

Negoziazioa "antzerki hutsa"

Urriaren 28an hitzartu dira berriz ere PRECOn. Eta bederatzigarren bilera hau aurrez-aurrekoa izango dela iragarri diete. Izan ere, azken bileretan enpresako ordezkariak telematikoki baizik ez dute parte hartu. Halere, ez dute deus berririk espero. Enpresa tematu egin baita haien arabera. "Baldintzak ez dira ematen akordio baterako, negoziaketa-mahaia antzerki hutsa da, guk makina bat eskaera kendu ditugu gure plataformatik, eta enpresak %0,75 eta %1 arteko igoera baino ez du eskaintzen", kexu da ELAko ordezkaria, "gainera, 8 hilabete eta gero, indignatuaren papera jokatu nahi dute orain, gure proposamena disparate bat dela esanez, surrealistatzat, erotzat hartzen gaituzte, eta dena erosmen ahalmena galdu nahi ez dugulako".

Sindikatuak argi dauka ez ISS multinazionala, ezta udala ere, ez dutela arazo ekonomikorik langileen eskaerak betetzeko. Baina "grebalariak umiliatu nahi dituztela" sentitzen dute.

Desinfekzio agindua, eta zerbitzu minimoengatik epaiketa

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak agindu duen desinfekzio orokorra beteko dutela nabarmendu du ezpairik gabe. "Legea da, eta horiek dira jokoaren arauak", dio Etxanizek. Halere, udalak eskatu izan dituen %100eko zerbitzu minimorik ez ditu Eusko Jaurlaritzak onartu, eta garbiketa orokorra egingo bada, Talaiako zuzendaritzak bildutako txosten-medikuen ondorio dela oroitarazi du sindikatuak. Dena dela, desinfekzio horrek zikinkeriaren kontagailua hutsera ezarriko badu ere, abendurako berriz ere eskolak antzeko egoeran egongo direla iragarri du. "Sintomak tratatuko dira zikinkeria gabrituz, baina arazoaren iturrira ez bagoaz, ez da ezer aldatuko", dio euskal sindikatuak.

Hortaz gain, zerbitzu minimoen harira, ELA sindikatuak azaroak 30ean ISS enpresarekin epaiketa duela oroitarazi du. Izan ere, abuztuaren 30eko zerbitzu minimoen dekretuaren baitan, enpresak 9 hilabeteko txandak inposatu nahi izan dizkie grebalariei Talaia eskoletako zerbitzu minimoak bermatzerako garaian. "Ez grebalariei inposaketak, ezta errotazioa 9 hilabetero egiteak ere, ez du ez hanka ez bururik", dio ELAk.