Apirilaz geroztik 155 greba egunen ondorioz Talaiako eskoletan pilatutako zikinkeriak hainbat osasun arazo eragin dituela aintzat hartu du Eusko Jaurlaritzak. Eta derrigorrezko hezkuntza denez, datozen orduetan egingo den desinfekzio orokorra agindu du.
Talaia Eskolako zuzendaritzak egindako mediku-txostenen etengabeko bilketaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak garbiketa orokorra agindu zuen joan ostiralean. Bordari, Biteri eta Satarka eskoletan pilatutako zikinkeriaren ondorioz, ikasgeletan ez dira osasun-higiene baldintza minimoak betetzen, eta LH 2-LH 6 arteko zazpi haur izan dira, asma eta akaroei alergia dutelarik, osasun arazoak izan dituztenak. Bordariko neska bat ere, medikura eraman behar izan zuten bronko-espamo batekin. Bestalde, Biteri eta Bordariko irakasle bana ere osasun arazoak izan dituzte ikasturte hasiera honetan. Guraso elkarteak argitu nahi izan du zuzendaritzak egindako lanari esker lortu dela honakoa. "Isilean eta modu diskretuan zuzendaritzak egindako etengabeko lanari esker, lortu dute urgentziazko garbiketa hau", dio Karol Sainz de Vicuñak.
Halere, zerbitzu minimoak bere horretan mantentzen ditu Eusko Jaurlaritzak. Eta beraz, argi utzi nahi izan dute, "hau ez inolaz ere ezerren konponbidea". Izan ere, "arnasgune txiki bat" da, baina lan gatazka bere horretan jarraituko duen bitartean, garbitu eta "kontadorea zerora eramango badu ere, hurrengo egunetik zikinkeria berriz ere pilatzen hasiko da". Zentzu honetan, arazoaren muina ez da aldatu. "Garbiketa petatxu bat baizik ez da". Eta beraz, Hondarribiko Udalari "bere energia guztiak lan-gatazka konpontzera bideratu dezala" eskatu diote.
Gogoratu, urriaren 26ean (17:00etan) Txomin Sagarzazu alkatearekin bilduko direla Bordari eskolan. "Udala zer nolako neurriak hartzen ari den, eta grebari zein aterabide bilatuko dizkioten argitu nahi dugu", azaldu du Karol Sainz de Vicuña, Talaia guraso elkarteko kideak. Izan ere, "zur eta lur" geratu ziren joan den astean udal gobernuak hartutako erabakiarekin. Eta urriaren 27an udalbatzan, udalak ISS enpresarekin duen kontratuaren urtebeteko luzapena onartuko dela aurreikusita, oposizioko udal taldeen eskutik mozio bat aurkeztuko dute gurasoek. "Ez gaude konforme erabaki horrekin, ez duelako konponbiderik ekartzen, kontrakoa baizik", salatu dute.