Larunbat honetan izanen da finalaurrekoa, 17:00etan, Baztan pilotalekuan. Horren aitzinetik, gaur X. Mariano Izeta Saria jokatuko da Elizondon ere.
Bertsolaritza protagonista izanen da asteburu honetan zehar Baztanen. Gaur, urriak 21, X. Mariano Izeta Saria jokatzeaz gain, bihar arratsaldean Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoa jokatuko da Elizondoko Baztan frontoian. Arratsaldeko 17:00etatik aitzinera hasiko da kanporaketa eta sarrerak internet bidez edo egunean bertan eskura daitezke.
Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Onintza Enbeita Maguregi eta Unai Agirre Goia izanen dira bihar kanporaketa jokatuko duten sei bertsolariak. Gaia jartzen berriz, Amaia Castorene Luro arituko da. Saioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da, Baztan pilotalekuan, baina ateak 16:00etan irekiko dituzte. Gainera, internet bidez (www.bertsosarrerak.eus) sarrerak erosi ez dituztenek 15:00etatik aitzinera izanen dute hau egiteko aukera, frontoiko lehiatilan.
Fase honetan bertsolariek honako lana bete beharko dute: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte (ariketa honek hiru bertsoren balioa izango du); binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean; eta ganbarako lana, banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Epaile lanetan, azkenik, Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta arituko dira.
Biharko saioaren irabazlea azaroaren 19an Amurrion jokatuko den bigarren itzuliko finalaurrekora zuzenean sailkatuko da. Elizondoko kanporaketaren ondotik, bertze hiru finalaurreko jokatuko dira lehen itzuli honetan: Donibane Garazin, Irunen eta Durangon. Horietatik guztietatik finalaurrekoen bigarren itzulira sailkatuko diren 18 bertsolariak aterako dira. Azken itzuli honetako saioak Amurrion, Baionan eta Bilbon ospatuko dira.