Kazetari beratarrak irailean egin zuen bere liburu berriaren aurkezpen ofiziala eta orain eskualdeko hainbat herritan dabil “Isildutako eskuak” ezagutzera ematen. Datorren astean, Arizkungo eta Lesakako txanda izanen da, bertan egonen baita Abril bere lana aurkezten.
“Isildutako eskuak” da Jon Abrilen lan berriaren izenburua. Tene Mujika beka irabazi ondotik, pasa den hilabetean argitaratu zuen Elkarrek kazetariaren liburua. Beratarrak Euskal Herriko txoko desberdinetako 14 emakume elkarrizketatu ditu lan hau burutzeko eta euren bizipenak eta errealitatea irudikatu nahi izan ditu bertan. Emazte hauek egiten zituzten hamaika ofizio desberdin ekarri ditu orrietara Abrilek, hauen ahotsa aditzera emateko eta beraien garrantzia azpimarratzeko asmoz.
Irailean egindako aurkezpen ofizialaren ondotik, eta Beran egindakoaren ostean ere, orain Arizkunen eta Lesakan egongo da kazetaria bere liburua ezagutzera ematen. Arizkunen urriaren 26an izanen da aurkezpena, 18:00etan Arizkungo medikuaren etxean, Baztango Udaleko Euskara eta Berdintasun Zerbitzuek antolatuta. Hurrengo egunean, urriak 27, Lesakan eginen dute hitzaldia, Lesakako Udal Liburutegian, 18:30ean.